SEP. 26 2016 KIROLA World Surfing Games 2017:Euskal Herriak parte har dezake? Datorren urteko maiatzean aberrien arteko munduko surf txapelketa izango da Lapurdiko kostaldean. Euskaldunok ez dugu euskaldun gisa lehiatzeko aukerarik, ezta gure herrian bertan ere. Nork antolatzen du txapelketa? Zergatik ezin du parte hartu Euskal Selekzioak? Last update: SEP. 26 2016 - 07:42h Haritz LARAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Artikulu honetan Lapurdiko kostaldean izango den munduko txapelketak dituen ezaugarrien berri ematen da, Euskal Selekzioak ere parte hartzeko zein aukera dituen azaltzeko. Antolatzailea: ISA 2017ko maiatzean Angelu, Biarritz eta Bidarteko urautsietan egitekoak diren munduko txapelketak ISA erakundeak antolatzen ditu. ISA (International Surfing Asociation) munduko surf txapelketak antolatzen dituen erakundea da, baina, kontuz, ez da nahastu behar ohiko mundu surf zirkuitua antolatzen duen WSL (World Surf League) erakundearekin. ISA eta WSL erakundeen arteko desberdintasunik nagusiena honako hau da: ISAk selekzioen arteko txapelketak antola ditzakeela, nolabait esateko, “olinpiar labela” du. WSL erakundea, berriz, antolakunde pribatua da, beraz, ez du inor “munduko txapeldun” izendatzeko eskumenik. Teorian ISA erakundeak indar handiagoa izan beharko luke, mundu mailako federazio antzeko bat baita. Baina, aldiz, forma aldetik lotuagoa dagoela esan daiteke, eta, horregatik, WSLk antolatzen duen zirkuitu mundiala askoz ere ezagunagoa da. ISAk ez dauka diru sari handiak eskaintzeko gaitasunik, horregatik ez dauka arrakasta handirik. Bere helburua surfa kirol olinpiar bilakatzea da. WSL da egun munduko surf txapelketen monopolioa duen erakundea. Bere arau eta irizpideen arabera antolatzen da piramidea, herri mailako txapelketetatik hasi eta punta-puntako txapelketetara. Baina ofizialki WSL erakundeak ez dauka munduko titulua emateko eskumenik, horregatik “munduko txapelduna” esaten dugun lekuan ”WSL zirkuituko txapelduna” ulertu behar dugu, munduko titulua ematen duena eta horretarako eskumena duen erakunde bakarra ISA baita. Nolako txapelketa izango da? Surf txapelketa batean epaileek jarraitu beharreko irizpideak, txapelketaren arauak eta garaian garaiko joera nagusiak zeintzuk izan behar diren WSL erakundeak finkatzen du. Izan ere, prestigio gehien duen erakundea da, eta, horrenbestez, surf munduan pisu handia duten esperientzia handiko pertsonak dira erakundea kudeatzen dutenak. ISA erakundeak antolatzen dituen txapelketetan erabiltzen den ereduak ere WSLk ezarritako irizpideak ditu oinarri. Baina bada desberdintasun nagusi bat: ISA erakundeak kategoria desberdinetako txapelketak antolatzen ditu, aldiz, Olinpiar Jokoetan egiten diren lehiaketa gehienetan bezalaxe, txapelketa bakar batean erabakitzen da irabazlea nor den. WSL zirkuituan, ostera, ezaugarri desberdinetako urautsiez osatutako zirkuitu batean parte hartu behar dute lehiakideek, eta urte amaieran puntu gehien bildu dituen lehiakideak eskuratzen du txapela. ISAk bederatzi txapelketa desberdin antolatzen ditu, bakoitza modalitate edo kategoria batekoa (junior, masters, palde, longboard, bodyboard, eta abar). Txapelketok, berriz, munduko leku desberdinetan antolatzen dira. Datorren urtean Lapurdin egingo duten txapelketa ospe gehien duen kategoria da: ISA World Surfing Games. Open Surfing Games Datorren maiatzean Lapurdin izango den munduko txapelketak bi ezaugarri nagusi ditu. Bata open kategoriakoa dela, alegia, kategoria irekikoa, adin mugarik gabea. Bestetik, herrialde bakoitzeko selekzioen arteko lehia dela, hau da, norbanakoa baino garrantzia handiagoa du surflari bakoitzak ordezkatzen duen herrialdeak. Herrialde bakoitzeko selekzioa lau mutil eta bi neskek osatzen dute, eta lehiakideok haien kategorian lortzen dituzten puntuen araberako sailkapena eskuratuko du herrialde bakoitzak. Lehiakide bakoitzak lortzen duen postuaren arabera puntu batzuk eskuratzen ditu eta puntu horiek bere taldearentzat dira; horrela, amaieran puntu gehien eskuratu dituen herrialdeak irabazten du. Mota honetako azken txapelketa Costa Rican izan zen pasa den abuztuan. 26 herrialdek hartu zuten parte eta Peruko taldea gailendu zen. Frantziak laugarren postua eskuratu zuen eta Espainiak ez zuen parte hartu. Euskal Herriko selekzioak ere ez zuen parte, baina ezin duelako, ISAk ez baititu onartzen estaturik gabeko nazioak. Euskal Selekzioa 1990. urtean sortu zen Euskal Herriko Surf Federazioa eta egin zuen lehen gauzetako bat Euskal Selekzioa osatzea izan zen. Garai hartan Europako herrialdeen arteko txapelketetan euskaldunek parte har zezaketen, izan ere, oraindik ez zegoen sortuta Espainiako Federazioa eta gainontzeko herrialdeek euskaldunek ere parte hartzeko zuten eskubidea errespetatzen zuten. 2001. urtera arte Hego Euskal Herriko surflariek haien selekzio propioarekin lehiatu ahal izan zuten EPSA (European Surfing Asociation) erakundeak antolatzen zituen txapelketetan. Esate baterako, Portugal, Ingalaterra, Irlanda eta Euskal Herrian egin ziren herrialdeen arteko Europako txapelketetan euskaldunek euskaldun gisa lehiatu ahal izan zuten, emaitza oso onak lortuz gainera. 1999an Espainiako selekzioa sortu zen eta bere eginbehar nagusia euskaldunei trabak jartzen hastea izan zen. Euskal surflariek erabaki behar izan zuten, espainiar federazioan federatu edo euskaldunean. Izan ere, EHSFk espainiar federazioan izen emandako surflariak onartzen zituen, baina espainiarrek ez zuten onartzen euskal federazioan erregistratutako surflaririk. 2001ean Hossegorren zen Europako Txapelketa eta lehen aldiz Espainiako selekzioa osatu zen. Taldekideen artean euskal surflariak ere bazeuden. Bestalde, Euskal Selekzioa ere osatu zen, baina frantziarrek ez zuten aitortu euskaldunek parte hartzeko zuten eskubidea eta Euskal Selekzioa lehiaketatik kanpo geratu zen. Egoera bitxia sortu zen Capbretonen egin zen Europako Txapelketako irekiera ekitaldian. Selekzio bakoitzak bere banderarekin desfilatu zuen, baina euskaldunen taldea poliziak inguratuta zegoen. Euskaldunek txalaparta joz eta giro onean aldarrikatu zuten parte hartzeko eskubidea, eta poliziek beraiek ere harriduraz ikusten zuten beste selekzioetako jendea euskaldunengana gerturatzen zela, baita selekzio espainoleko kideak ere, horietako batzuk Euskal Selekzioko kideen herrietakoak baitziren, kasu batzuetan baita lagun onak ere. Esate baterako, Aritz Aranburu edo Mirian Imazek Euskal Selekzioaren alde egin zuten eta ezin izan zuten parte hartu, baina, aldiz, Hodei Collazok zarauztarrak (Mirian eta Aritzen laguna), Espainiako selekzioa hautatu zuen eta parte hartu ahal izan zuen. Egun hartatik Euskal Herriko selekzioak ezin izan du modu ofizialean mundu mailako edo Europako Txapelketan parte hartu, eta 2017ko maiatzean Lapurdiko kostaldean egingo den herrialdeen arteko munduko surf txapelketan parte hartzeko aukerarik ere ez du. Beraz, euskaldunek, beste behin ere, ezin izango dute euskaldun gisa lehiatu, ezta Euskal Herrian bertan ere, eta, gainera, parte hartzeko modu bakarra atzerritar gisa izango da, alegia, Frantzia edo Espainiako selekzioan. ABERRIEN ARTEAN Datorren maiatzean Lapurdiko kostaldean izango den munduko txapelketak bi ezaugarri nagusi ditu: Open kategorikoa da eta aberri bakoitzeko selekzioen arteko lehia da. ESKUBIDERIK EZ 2001era arte Euskal Herriko surflariek Euskal Selekzioarekin parte hartzen zuten. Espainiako Federazioa sortu zenetik, ordea, euskaldunek ezin izan dute berriro euskaldun gisa lehiatu. ATZERRITAR GISA BAI Euskaldunek ez dute euskaldun gisa lehiatzerik izango, ezta Euskal Herrian bertan ere. Gainera, parte hartzeko modu bakarra atzerritar gisa izango da, Frantzia edo Espainiako selekzioan.