Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

«Attraverso il Pesce» bidea, Federica Mingollarentzat

Marmoladako (Dolomitak) marra klasikoa (7b+, 900 m) igotzen lehendabiziko emakumea bilakatu da 21 urteko eskalatzaile italiarra.

Federica Mingolla gaztea da; 21 urte besterik ez ditu. Alabaina, eskalada alpinoan bere burua indar handiarekin aurkeztu du. Italiarra orriotatik pasatakoa da; hain zuzen ere, iazko udan Cosmiques ertzean dagoen “Digital crack” bidea (8a) egin zuenean. Gogora dezagun marra hori era askean egiten lehen emakumezkoa izan zela.

Pasa den uztailean, berriz, antzerako beste egoera bat bizi izan du, baina, oraingoan, Dolomitetan. Marmoladako hegoaldeko hormatzarrean apustu handia egin zuen, eta bikain atera zaio. Bai, Migolla gai izan da “Atraverso il Pesce” bide klasiko mitikoa era askean igotzeko.

1981. urtean sokada eslovakiar batek zabaldutako proposamena 900 metro luze da, eta gehienez ere 7b+ graduko zailtasun teknikoak ditu. Bada, eskalatzaileak 18 ordu eta 27 minutu behar izan zituen bidea ia bistan igotzeko. Eta diogu ia bistan marraren 33 luzeetatik 32 estilo horretan egin zituelako. Zailtasun garrantzitsuenak gainditu ondoren, protagonista 6c graduko pausu batean erori zen.

Aipatu beharra dago zailtasun teknikoetan ez dela muturreko marra bat; ezta gutxiagorik ere. Baina luzea da, oso luzea, eta garbia; hots, hornidura klasikoa du. Puntu gorria jarri ziotenak Heinz Mariacher eta Bruno Pederiva izan ziren; hori 1984. urtean izan zen. Gogoratzekoa da ere, duela bederatzi urte Hansjorg Auer austriarrak bakarka eta sokarik gabe eskalatu zuela; bidea eskalatzeko soilik hiru ordu behar izan zituen.

Migollari dagokionez, aurreratu behar dugu une oro sokaburu jardun zuela. Sokakide bezala Roberto Conti izan zuen. Luze gogorrenetan italiarrak ez zuen buruhauste handirik izan; bai, ordea, marraren goiko zatian. Glaziarretik erortzen zen urak arroka blai utzi zuen, eta, horren ondorioz, gazteak dena eman behar izan zuen artifiziala saihestu ahal izateko. Gauerdia izateko hamaika minutu falta zirela, sokada gailurrera iritsi zen. 18 ordu eta erdi eskalatzen igaro ondoren, horietako batzuk kopetako-argiaren laguntzarekin, tontorrean bertan bibaka egin eta biharamunean jaitsi ziren.

Ia bistan

Aurreratu dugun bezala, Mingolla “Attraverso il Pesce” igotzen lehen emakumezkoa izan da, eta hori pasa den uztailaren 17an lortu zuen. Goizeko bostetan prest zegoen lehen urratsak egiteko. Eguerdiko ordu batak puntuan, oso ezaguna den horma-hobira heldu zen; leku horretara ordubeteko atzerapenarekin heldu zen. Ondoren, luze gogorrenak aurrez aurre zituen, eta guztiak oso erritmo onean gainditu zituen. Arratsaldeko bostetarako erlaitz handira iritsi zen. Amaiera aldea, berriz, errazagoa bazen ere, oso bustita zegoen eta pixkaka-pixkaka kopetako-argiarekin Marmoladako bide klasiko eta mitikoa patrikan sartu zuen.

Sona handia duen bidearen inguruan, protagonistak adierazi du italiarra izanik Dolomitak beti izan dituela buruan: «Betidanik hormatzar enblematiko hori igo nahi izan dut, eta, jakina, eskalatu dudan bide klasikotik. Marra horrek Marmoladako hego paretako eskalada alpinoa ondo baino hobeto ordezkatzen du. Erronka egun baten buruan eskalatzea zen, eta lortu egin dut».

Mingollak adierazi du “Attraverso il Pesce” bideari ekin baino lehen, Marmoladako hego paretan dauden beste bide batzuk eskalatu zituela: «Entrenamendu gisa, hego pareta horretan teknikoki zailagoak diren beste marra batzuk eskalatu nituen. Hori bai, paraboltekin hornituta daude eta nahiko motzak ziren; gehienez 340 metro».

Mingollaren xedea ez zen batere erraza, batez ere kontuan hartzen badugu estilo exijente baten alde egin zuela; hots, egunean eta bistan eskalatzea. Haatik, gazteak onartu du erronka hori egiteko sasoiko zegoela: «Oso motibatuta nengoen, eta, era berean, nahiko lasai; hau da, estutasun handirik gabe. Jakin banekien, murru erraldoi bati ekin behar niola, eta, aurretik hainbeste metro edukita, edozer gauza gerta zezakeela. Batez ere, denbora eta eguraldiarekin. Hala ere, neure buruari dena eman behar nuela esan nion, eta emaitza bikaina izan da azkenean. Oro har, eguraldiarekin zortea izan nuen; izan ere, haize pixka bat egiten bazuen ere (hego paretak babeste ninduen), eguzkiak jotzen zuen. Tenperatura ere egokia zen».

Eskalatzaile italiarrak “Attraverso il Pesce” egunean eskalatu bazuen ere, azpimarratzekoa da ere 33 luzeak ia bistan egin zituela. Mingollak esan du 6c zailtasuneko luze batean ez zuela batere zorterik izan: «Horma-hobira daraman luzea da. Sei metroko zeharkaldi batean gertatu zen. Friend bat jarri nuen, eta, ohartu gabe, nire oinetako batentzat zegoen tartetxo bat ezkutatu zuen. Ez nuen ondo aurkitu, irrist egin eta erori egin nintzen. Hor bukatu zen nire erronketariko bat. Bestea, egunean egitearena, lortu nuen. Horma-hobira aurreikusitakoa baino ordubete beranduago heldu ginen. Egoera hori ikusita iruditu zitzaigun bidea amaitzeko denbora gehiago behar izango genuela. Goitik 300 metroko desnibela genuen; hain zuzen ere, tximinietara heldu ahal izateko. Luze errazagoak ziren, baina krokisean aipatzen zituen iltzeak ez nituen aurkitu. Uste dut luze ezberdin batzuk eskalatu nituela, baina horrek ez du garrantzirik. Azkenean, gailurra zapaldu genuen. Gaua zen, eta aldez aurretik utzitako denda ez genuen aurkitu. Leher eginda geundenez, beste alternatibak baztertu eta bibaka egin genuen».

“Attraverso il Pesce” eskalatu ondoren, Mingollak onartu du hormatzar alpino horretan gustura jardun duela: «Harritu nauena da eskalada alpino horretan oso fin ibili naizela, batez ere kontuan hartzen badut izaera horretako eskaladan eskarmenturik ez dudala. Uste dut eskalada estilo hori menderatu nuela. Marmoladan eskalatutako bidea ezin dut beste batzuekin alderatu; izan ere, azken hau askoz ere alpinoagoa da. Teknikoki eskalada errazagoa da, baina izaera alpinoak asko eskatzen du. Eta eite horrek pisu handia du».