SEP. 29 2016 Imanol Urbieta hil da, euskal umeak kantuan jarri zituen musikaria Jaiotza: 1934an jaio zen Zarautzen. > Musika: 12 urterekin klarinetea jotzen hasi zen herriko bandan eta piano kontzertuak ematen zituen herriko Arrillaga gozotegian. > Kulturgintza: Arantzazura joan zen ikastera eta handik bueltan sartu zen garaiko kulturgintzan, Oleskariak otxotean lehenik eta Irrintzi taldean (antzerkia, dantza eta txistua) gero. Naya orkestra eta dantzalekua sortu zituen eta Aur Kantariak taldearekin lortu zuen sona handiena. Ordurako Zarauzko ikastolan haurrekin lan izugarria egina zuen. Last update: SEP. 29 2016 - 06:39h Joxean AGIRRE Atzo goizean hil zen Donostiako Ospitalean Imanol Urbieta, frankismoa artean indarrean zegoela ikastola eta eskoletan euskal umeak kantuan jarri zituen musikaria. 82 urte zituen eta azken urteak gaixorik igaro baditu ere, kanta berriak egiten jarraitzen zuen, musika berarentzat arnasbidea zelako edo mendekotasuna. Iragan ostegun eta ostiralean Zarauzko adiskide batzuekin elkartu zen etxean, astero egiten zuen moduan. Bisitan izan zirenek onik ikusi zuten eta burua oso argi zuela diote. Ondoko egunetan, ordea, makalaldi gogor bat izan zuen eta ospitalean zendu zen atzo. Puskatzailea eta aitzindaria izan zen musikari eta pedagogo gisa, eta produkzio erraldoia utzi du, liburu eta CDetan bildua neurri handi batean eta etxean gordea ere bai eta ez gutxi. 80ko hamarkadan “Xixupika” eta “Lau kantu eta danbor bat” izeneko kasete eta liburuetan banatu zen Euskal Herriko ikastola eta eskoletara material horren zati bat, eta haren lanetik abiatuta Xirula Mirula eskola sortu zuen. Bere kanta gehienak berriak diren arren, euskal kantagintzan dute sustraia eta berriro kantagintzaren altxor horretara itzuli direla esan daiteke, gaurko gaztetxo askok usteko baitute “Alaken”, “Ran Rober Ran”, “Zain dago ama” (Telesforo Monzonen hitzekin), “Mc Mikel”, “Txoria nintzela” edo “Behin betiko” euskal tradizioaren aleak direla. Herriko Udaletxearen domina, Foru Aldundiaren Abadia saria eta beste hainbat jasoak zituen. Haren aldeko hiletak bihar, ostirala, egingo dira Zarautzen. Imanol Urbieta Zarauzko Musika Plazako etxe batean jaio zen 1934an. Hamar senidetan hirugarrena zen. Elizaren babesean sortutako langile katolikoen sindikatua zegoen bi solairuko etxe horretan eta beheko solairuan antzezlanak eta era askotako ekintzak antolatzen zituzten gerra aurretik. Horregatik, beharbada, etxean pianoa zuten. Berak gogoratu ohi zuen 12-13 urterekin piano kontzertuak eman zituela herriko Arrillaga gozotegian, han ere piano bat zutelako. Umetan hasi zen herriko bandan klarinetea jotzen, 14 urterekin Arantzazura joan zen arte. 1956an handik atera zenean, herriko Irrintzi kultur taldearen barruan hasi zen kulturgintzan, antzerki, dantza eta musika saioetan parte hartuz. Musikari dagokionez, Oleskariak otxotea eta Naya orkestra sortu zituen. Harreman estuak izan zituen Ez Dok Amairurekin. 1970ean Erromara joan zen Filosofia eta Letrak lizentziatura ateratzera eta handik bueltan hasi zen Zarauzko Ikastolan lanean, kaleratu zuten arte. Zarauzko Musika Eskola ireki zuen orduan, gerora Xirula Mirula izango zena eta Donostian eta Bilbon estudioak zabalduko zituena. Donostiako Elizbarrutiaren irakasle eskolan irakasle izan zen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin kolaboratu zuen musika curriculuma lantzen. Hitzaldiak eta ikastaroak ematen ere ibili zen Euskal Herriko hainbat bazterretan gaitzak harrapatu zuen arte. Gaitzak gaitz, Imanol Urbietaren produkzioak ez du etenik izan. Musika haurren garapenean ezinbesteko tresna dela uste zuen. Kantuan ikastea irakurtzen ikastea bezain garrantzitsua zela esan ohi zuen. Adituek diotenez, bere metodoak ez du, beharbada, oinarrian diskurtso pedagogiko antolaturik izan, baina irizpide oso argiak zituen: umea den horretan onartu behar dugula esaten zuen. Autobusean sartu eta Pariseraino eramaten zituen, esate baterako, Zarauzko ikastolako lehen promozioko haurrak edo Atotxara joaten ziren Realaren partidak ikustera txistua hartuta. Garbi dago puskatzailea zela eta herri musikan oinarritutako metodo bat eraiki zuela. Berak elkarrizketa batean aitortu zuen umeak izan zituela maisu eta umeak beti izan ditu inguruan; «500 ikasle izatera iritsi nintzen». Hainbat artikulu eta ikerketa labur egin dira bere lanaren inguruan eta bi liburu ere bai: bata Andoni Egañak izenpetua, “Imanol Urbieta, luzea da bidea”. Egañaren liburuak Imanol Urbietaren biografia eta bertsolariaren oroitzapenak ditu oinarri. Bigarrena bere lanari buruzko argibideak ematen saiatzen da. Liburu horretan gaurko ikuspegitik begiratuta ere, harrigarriak iruditzen zaizkigun bidaiak kontatzen ditu Egañak. «Pirineotan ibiltzen ginen kanpin dendak hartuta. Eta ez zaigu sekula ahaztuko Santandertik Picos de Europara nola joan ginen eta handik Galiziara. Madrildik bueltan Alfaron bukatu genuen bidaia hori. Zabaltzen joan ziren gure ikusmirak eta Parisera ere joan ginen. Eta handik Suitzara, Neuchatelera eta San Bernardora. Eta handik, berriz, Monacora joan eta hondartza batean egin genuen lo, segidan Bartzelonan bukatzeko». Hau ez da pasarte labur bat baizik. Bigarren liburuak tonu akademikoagoa du, bere izenez izenpetua da (“Imanol Urbieta, nire ibilbide pedagogikoa”), eta bertan bere metodologiaren oinarri teorikoak aztertzen ditu eta bidenabar gai zabalago batzuk ere bai, hala nola musikagintza eta eskolaren berrikuntza, jolasgintza, ahots hezkuntza, entzumenaren hezkuntza, psikomotrizitatea eta abar. Azken hamarkada hauetan Imanol Urbieta ezagutu dutenek ondoan bere emaztea, Kontxi Aizarna, zuela ikusiko zuten. Garai batean eskuan bastoia zuela eta azken aldi honetan gurpildun aulkian eserita itzuliak eman izan dituzte etxetik gertu zuten malekoian. Kontxik ere haur txikiekin lan egin duenez, eta musika arloko material didaktikoak prestatzen urte asko eman dituenez, elkarrekin kolaboratu dute, neurri batean senarrak egindako kantak berak erabili izan baititu proba gisa gela barruan. Kontxi Aizarna ondare aberats baten zaindari, altxor baten begirale, sentitu da. Berak elkarrizketa batzuetan adierazi izan duenez, «musika espresioa eta mugimendua lantzeko erabiltzen da hezkuntzan. Txikiekin bakarrik ez, 10-12 urteko ikasleekin oso beharrezkoa da musikarekin gorputz espresioa lantzea. Imanol aitzindaria izan zen musikarekin gela barruan lan egiten. Kodaly zegoen Hungarian eta Frantzian eta Alemanian ere oso zabalduak zeuden eskolako kantutegiak. Baina Imanolek ez zituen erreferentzia horiek ezagutzen, gerora ezagutu ditugu. Intuizioz jokatu izan du beti eta haurrengandik ikasi du. Eta horixe da gaur haur eskoletan erabiltzen den irizpidea: haurrak libreki espresatu behar du. Zuk materiala eman eta esperimentatu egin behar du. Umeei begira egonez ateratzen zituen ondorioak». Zarauzko ikastolan irakasle hasi aurretik han-hemenka lan eginez zebilenean hasi zen Irrintzi Otxotearekin lehenik eta Irrintzirekin gero. Azken talde honek antzezlanak taularatzen zituen, eta txistulari eta dantza taldea ere bazituen. Txalaparta ikasteko zerbait egiten ere saiatu zen, Zuaznabar anaiak Zarautzera ekartzeko ahaleginak egin baitzituen. Anjel Lertxundi eta Anjel Illarramendi bera ere Irrintzi taldean ibili ziren. Herrian euskal giroa sortzen sekulako lana egin zuten. Handik sortu zen Naya orkestra eta dantzalekuaren proiektua ere. Konpromiso politikoak ekarri zizkion gorabeherak kontatu ohi zituen. Ez Dok Amairurekin harreman estuak zituen, Oleskariak taldearekin emanaldiren batean parte hartzeraino. Aur Kantariak taldea etorri zen gero. Nemesio Etxaniz eta Luis Iriondo liluratuta geratu ziren haur talde horrekin. Kodaly zegoen Hungarian, eta Frantzian eta Alemanianzabalduak zeuden kantutegiak eskoletan, baina Imanolek ez zituen ezagutzen erreferentzia horiek; gerora ezagutu genituen. Berak intuizioz jokatu izan du beti, haurrengandik ikasi izan du eta horixe da gaur eskoletan erabiltzen den irizpidea