OCT. 10 2016 KIROLA Isabela Sousak irabazi du 2016ko bodyboard titulua Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Isabela Sousak irabazi zuen atzo Nazaren amaitu zen munduko bodyboard txapelketa eta garaipen honekin lortutako puntuei esker 2016ko munduko APB bodyboard itzulia ere irabazi du. Nesken munduko bodyboard itzulia lau txapelketak osatzen dute eta horietatik hiru txapelketetan lortutako emaitza onenak batuta puntu gehien bildu dituen lehiakideak eskuratzen du munduko titulua. Esan bezala, atzo amaitu zen nesken munduko azken txapelketa Nazaren (Portugal) eta Isabela Sousak irabazi zuen. Horrela, Nazareko txapela eta munduko titulua eskuratu zituen brasildarrak. Mutilen kasuan, berriz, zortzi txapelketak osatzen dute aurtengo munduko bodyboard itzulia eta horien artean lehiakide bakoitzak izan dituen bost emaitza onenen batura hartzen da kontuan ranking orokorrean. Nazarekoa aurtengo zazpigarren txapelketa izan da, azken-aurrekoa beraz, eta irabazlea Pierre-Louis Costes izan da. Aurtengo itzulia hil honetan bertan amaituko da Kanaria uharteetan, urriaren 15ean hasiko den The Fronton King txapelketarekin. Portugalen olatu indartsuak izan ziren eta ikuskizun ederra. Azkenean txapela Costes frantsesak eskuratu zuen eta bigarren postua Dave Hubbard hawaiiarrarentzat izan zen. Hain zuzen ere azken honen anaia Jeff Hubbardek kaleratu zuen Alex Uranga zumaiarra final- laurdenetan. Urangaren txanda txapelketako txanda ikusgarrienetako bat izan zen. Zumaiarra bikain aritu zen; zortziko olatu bat eta 7,50 puntuko beste olatu bat egin zituen. Aireko ikusgarriak egin zituen Urangak, baina aurkariak txapelketako puntuazio altuenetakoak lortu zituen txanda horretan eta Urangak ezin izan zuen finalerdietarako pasea lortu. Hala ere, oraindik rankingeko lehen bost postuetan jarraitzen du zumaiarrak eta aurtengo urtea ere postu onean amaitzeko aukera handia du.