Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Emanaldikako ikuskizun bat

Izugarria izaten ari da aurtengo sanferminekin betiko lotuko den kasuarena, emakumezko gazte bati bost gizonek ustez eginiko bortxaketarena, sakelako big brother horrekin grabatua. Ikaragarria jada emanaldikako nobela baten antzekoa bihurtu dena, zenbait hedabideri esker. Izan ere, osagai guztiak ditu albiste tamalgarria albiste huts baino gehiago bilakatzeko eta hartzaileok, funts bereko bestelako berri batzuetara ez bezala, kateatuta izateko: biktima erdi-zalantzazko gajo bat, gizonezko protagonista-talde maltzur anker beldurgarria, sexu-harremanak taldean, teknologia berriak, epaitegiko gorabeherak, abokatuen tirabirak… eta, batik bat, gertutasuna, gurean gertatu izana, alegia. Bortxatzaile kolektiboak, eta indibidualak, edonon daude eta, tarteka-marteka, izaten dugu horien berri mundu zabalean, erraz ahazten ditugun lerro gutxi batzuen bitartez. Bortxaketak, sexu-erasoak, emakumeenganako indarkeria eta jazarpena: eguneroko ogia, zaharrak berri.

Iruñekoa, ordea, urteko kasu izarra bihurtu dute. Gizonezko horiek, sexua garagardoak bezala taldean kontsumitzea gustuko duten horiek, objektu sexualaren bila ehizan bezala ibiltzen direnak, sakelakoan ezin sinetsizko lagun-taldeak (konplizeak) dituztenak eta taldeok irudiz eta iruzkinez elikatzeaz gogotsu arduratzen direnak, mamitsuegiak dira bortxatzaile huts gisa baino ez aurkezteko publikoari. Aukera paregabea dira albistegiak zabaltzeko eta egunkarien azalak betetzeko, jendearen arreta erakartzeko eta morboa ezin gehiago eragiteko. Iruñean neska bortxatu zuten ala ez gutxienekoa dirudi dagoeneko, hala nola Kordobako beste neska horri, modako burundangaz lokarrarazi ondoren, eraso egin zioten; nabarmengarriena, ikuskizun honetan, erasotzaileak eurak dira: talde ehiztaria, exhibizionista, eskrupulurik gabea. Filmetako protagonista gaizto apartak behar duen bezalakoa.

Goragalea ematen dute gizonok, horien ikusmoldeek, esanek, sakelako irudi eta elkarrizketek. Goragalea ematen du, halaber, are gehiago, hedabideetan ematen ari zaien lekuak, halako gizonak eta euren dibertsio-kultura, heziketa sexuala, ezohikoak balira bezala. Balia zitekeen kasua jendarte hau oraindik blaitzen duen sexu-kultura matxista biolentoaz zabal eta ozen hitz egiteko, horretarako bai badituelako osagai guztiak, eta oraindik duen indarraz eta erauzteko eginbehar kolektiboaz sakonago eta kritikoago hausnartzeko. Horrek, baina, gutxienekoa dirudi oraindik ere, eta, jakina, emanaldikako istorioek baino askoz gutxiago saltzen du.