OCT. 17 2016 ZIRIKAZAN Armak zorrozten Josebe EGIA Duela gutxi, hegazkin bateko azafatak eragotzi egin zion bidaiari bati beste bidaiari gaixo bat artatzea. Arreta eman nahi zuen pertsona hori beltza zen, eta emakumea; azafata emakumezko zuriak ez zion sinesten sendagilea zenik. Agian, emakumezko beltzak esan balio erizaina zela, edo erizain-laguntzailea, lagako zion zer edo zer egiten… tenperatura hartzea bezalako huskeriaren bat, behintzat. Pentsa liteke aipatu azafata ergel hutsa baino ez zela, edota arrazista zein klasista petoa, eta zorte txarra izan zela une horretako egoera-pertsona konbinazioa, batik bat gaixoarentzat. Baina ziurrenik azafatak ez zuen nahiko bere hegaldian inor hiltzea eta, besterik gabe, bere sen heziaren arabera jokatuko zuen. Izan ere, airean nahiz lurrean, halaxe gabiltza oraindik ere munduan, lanbideak generoaren eta azalaren kolorearen arabera banatzen, balioesten eta, jakina, ordaintzen. Sexismoaren eta arrazakeriaren bilakaeran, finagoak edo, nolabait, oharkabeagoak bihurtu dira bestea gutxiesteko erak, baina egon badaude, eta lan-esparrua dugu horren erakuslerik garbienetakoa. Arlo horretan, «lan berdinerako, aitortza zein soldata berdina» logiko eta bidezkora behingoz heltzeko emakume eta gizonen arteko berdintasunerako plan andana gorabehera, indartsu segitzen dute lan-sektoreen feminizazioak, horien prekarietateak, ogibidea eta familia benetan uztartu ahal izateko oztopoek, soldata-arrailak… Beharbada, azken hori gertatu ohi zaigu deigarrien, ilogikoaren ilogikoaz, bidegabearen bidegabeaz, diskriminazio hain nabarmena den heinean. Ilogiko, bidegabe eta nabarmenaz gain, hedatua ere bada, ogibide ugaritara, herrialde gehienetara. Halere, bai horixe, aipatu beste guztiak sakon aztertzen hasiz gero, azkar asko ohar gaitezke denak daudela lotuta, denek dutela elkarren artean halako segida bat, eta ez direla kasualitatea, ezta arloan arloko arazo zehatz eta isolatuak ere. Emakumeok sozialki zein ekonomikoki pobretzen gaituen lan-munduaren egitura da, munduko jendarteen egitura patriarkalaren isla garbia, xede bakar batera eraman behar gaituena: emakumezko langileok gure berariazko borrokaren gidaritza hartzea, munduko langileria osoarenaren baitan. Gaur, Pobreziaren Nazioarteko Egunean, nagusiki lan-arloaren ondorioz dudarik gabe emakume-aurpegia duen honetan, abagune egokia da hori guztia gogoratzeko eta, diskriminazio fin eta oharkabeak ere gogoan, borroka horretarako gure armak zorrozten segitzeko.