Altsasu-edo
Sartu gara. Eta gustatu zaigu: taberna ilunen zale garelako; zoru alkoholez bustiak ia etxekotzat ditugulako; tabernariaren musika-gustuak laguntzen duelako; zabalik geratzen den bakarra delako; laster argitu behar duen arren etxeratzeko arrazoirik ez dugulako topatu oraindik; mozkorraldi itzel batek merezi bezalako amaiera behar duelako.
Barrara hurbildu gara. Balantza bat edo beste egin dugu atetik haraino. Ezin kabiturik gabiltza. Irria. Algara. Lagunari bultzada eman diot eta hark, dominoko piezen tankeran, ezkerrean duen gaztea bultzatu du. «Barkatu». Barrea ezin ezkutatu. Eskatu dugu garagardo bana biok, eta segitu babokeriatan hordituta. Eremu ezezagunean. «Ieup, atera beste bi». Ordu erdi daramagu barra berari irmo eutsita eta hurreratu zaigu morroi bat. «Zuek ez zarete hemengoak, ezta?». «Bada, ez». «Ok, ok. Bada, lasai ibili mutilak». «Nola...?». Hortik aurrerakoa imajina dezakezu.
Zenbat gertatu ote dira halakoak zure herrian? Baita Badajozen ere, ez uste, ez da-eta gure ondare; eta Marseillan, Tokion... Ordu txikietan, droga ororen erresuman, lagunak ere zenbaitetan etsai bihurtu zaizkigu-eta! Atera kontuak ezezagunak! Eta arerioa (jarri «politiko» adjektiboa alboan nahi izatera) bada? Ia-ia begiratu (ustez) txar baten beharrik ere ez ostia-dantzarako.
Baina Altsasuko ostiko, muturreko, hozkada, ile-tenkada eta irainek albistegiak zabaldu dituzte. Eta Kongresuaren adierazpen bat merezi izan dute. Eta jardunean den presidenteari «inpunitaterik ez» dela izango aginduarazi diote. Koktelaren osagaiak tentagarriegiak zirelako eta epopeietan “mozkortzea”, lotsa guztiak galtzeraino, den-denoi gustatzen zaigulako. Denoi.