Hau marka, generoarena!
Ika-mikan ibili dira azkenaldian “El País” egunkarian Espainiako Errege Akademiako bi gizon. Lagunak aspaldi, badirudi gaiztotu egin zaiela harremana, ezkutuko asmoak tarteko. Halere, egunkarian batak bestea larrutzeko aitzakia beren espezialitatearen berezko ezaugarri bat izan da: gaztelaniaren genero-marka; zehazkiago, hizkuntza horretan gizon eta emakumeez osaturiko talde bati (edo buruz) hitz eginez gero, nola jokatu beharko litzatekeen egun, genero-berdintasunari dagokionez denean inoiz baino sentsibilizatuago gauden honetan, hain zuzen ere.
Batak gogor kritikatu ohi du generoarena bitan banatzea, alegia, ellos y ellas, vosotras y vosotros eta halakoen erabilera, eta etengabe egiten dio trufa publikoki sexismoa hizkuntzatik ezabatzeko ahalegin orori, eta, hedapenez, horretan saiatzen denari, eta, are gehiago hedatuta, bereziki bezain sutsu, feministoi, gizonezko askori bezala gure ahalduntzearena ez baitzaio piperrik gustatzen. Bestea mugatu da lehenengoaren esanen forma, batik bat, gaitzestera: minduta sentitu da hark akademiakide zenbaiti eskainitako birao fin eta ironikoengatik, beste barik, gaztelaniari darion sexismoa ez ei da-eta Akademiak ebatzi beharreko auzia. Lehenengoak, orduan, artilleria astunera jo, eta arestian aipatu (etsaiaren) asmo ezkutuen berri eman du, genero-markarena erabat baztertuta, izan ere, berari hori bost. Berari eta etsaiari, biei, eurena izugarrizko bi egoren borroka publiko penagarria besterik ez baita izan.
Dena den, halako sesio publikoek bide ematen dute gaztelaniaren genero-markak eragiten duen (eta, nahitaez, digun) diskriminazioaz eta horri aurre egiteko moduez aritzeko. Diskriminazioa, maskulinoaren erabilera bakarragatik andrazko asko hitzaldietan, idazkietan, elkarrizketetan… baztertuta sentitu ohi garen neurrian, egon badago, zalantzarik ez. Hori saihesteko moduak ere bai, batzuk beste batzuk baino jatorragoak, nahi bada, baina egon badaude.
Ez dago, ordea, hizkuntzen erabilera sexistaz eta komunikazio baztertzaileaz jabetzeko eta jokamolde horiek aldatzeko nahia, benetakoa, eta herritar ugarik esajeraziotzat baino ez dute kontua, edozein arlotan emakumeak nabarmentzeko feministon gehiegikeria garbitzat. Euskal Herrian ere bai; gurean, gainera, euskarak genero-markarik ez duela-eta, hizketa sexistatik salbu biziko bagina bezala, gure hizkuntzak gure pentsamoldea ezkutatu ahal izango balu bezala.