OCT. 31 2016 ZIRIKAZAN Molestatzen ikasi beharraz Josebe EGIA Emakumezko diputatu batek bere gizonezko nagusia salatu du lan-jazarpena egiten ari zaiolako, etengabe irainduz eta mespretxatuz, behin eta berriz tentsio jasanezina eraginez. Emakumea bajan dago depresio handiagatik; gizona, berriz, normal lanean. Bigarrenak dio gezurra dela guztia, eta emakumeak, aldiz, behin baino gehiagotan jakinarazi izan diela egoera beraien alderdiko goragokoei. Depresioaz aparte, ez du besterik lortu izan barne-mailako salaketa horien ondoren; orain, ordea, kasua publikoa bilakatu denean, alderdiko tokiko presidentearen «kariño osoa» jaso du. Emakumeak kariñoa, eta ustezko jazartzaileak, berriz, nagusiaren babes osoa. Gauza bera balira bezala. Kontua da presidenteak, babesik gabeko maitasuna eskaintzeaz gain, auzia epaitegietara eraman dezan premiatu duela diputatua. Ez dirudi eskaera burugabea; alderantziz: eginbeharra. Baina hara non ustezko jazarriak, emakumezko langile psikologikoki zapaldu deprimituak, ez duen nahi nagusia justiziaren aurrera eraman, zer eta ez diolako kalterik eragin nahi haien guztien alderdiari. Bestela esanda, nahiago du bere burua kaltetu, bere hitza zalantzan jar dezaten utzi, lan-esparruko nagusitasuna nagusikeriaz egikaritzen ari denari bere horretan jarrai dezan ahalbidetu... guztien ongiaren mesedetan, guztiak biltzen dituzten siglek ez dezaten ondorio kaltegarririk jasan. Horra emakumeon eskuzabaltasun gaizki ulertua. Mendeetan eremu pribatuan azpiratuak eta publikoan baztertuak bizi izanak eragindako sen babesle madarikatua, norbere buruaz salbu beste guztiez arduratzekoa: seme-alabengatik iraun, gurasoei disgustua ez ematearren disimulatu, bikotekidearen estresa ez areagotzeko isilik egon, lanekoei eragozpenik ez sortzeko inork baino hobeto eta gehiago jardun, lagunartea ez gogaitzeko nahigabea zein sumina zein malkoak irentsi, eta barrutik zein kanpotik itxura onari eutsi. Ez dugu molestatu nahi, oro har, zeresanik ez esparru publikoan, barkamena eskatuz bezala sartzen garen horretan, gizonezkoek azkenean baimendu digutenez gero merezi dugula egunero eroen pare frogatzen gabiltzan horretan. Benetan ohartu gabe norbere buruarentzako justizia eta duintasunik gabe nekez izango dela guztion ongirik, are gutxiago benetan inporta zaizkigun ingurukoen zorionik, gure burua trapu bilakatuta. Beraz, molestatu behar badugu, molesta dezagun. Erakuts dezagun, behingoz, «kariño osoak» ez digula piperrik balio, gu zapaltzen ari direnean.