Costes txapeldun eta Uranga bosgarren APB zirkuituan
Munduko bodyboard zirkuituak sekulako amaiera izan zuen pasa den astean Kanaria uharteetan egin zen APB zirkuituko azken txapelketan. Muturreko baldintzetan, ia sakonerarik gabeko uretan eta bost metroko olatuekin, lehiakideek beren bizia jarri zuten jokoan munduko titulua eskuratu ahal izateko. Lehiakide haien artean zen Alex Uranga, lehen mailan lehiatzen den zumaiarra.
2010. urtean munduko txapelduna izan zen Reunion uharteetako Amaury Lavernhe lehiakideak irabazi zuen The Fronton King Pro txapelketa, baina bigarren postuan geratu zen Pierre-Louis Costes bodyboarder frantsesak eskuratu zuen 2016ko APB munduko titulua.
2016ko munduko APB zirkuitua zortzi txapelketek osatzen zuten: Pipeline (Hawaii), Teahupoo (Tahiti), Itacoatiara (Brasil), Arica (Txile), Sintra (Portugal), Viana (Portugal), Nazare (Portugal) eta Fronton (Kanariak). Lehiakide bakoitzak lortutako bost emaitza onenen baturaren arabera osatzen da munduko APB rankinga eta horrela irabazi du aurtengo txapela Pierre-Louis Costesek.
2011. urtean ere zirkuituko azken txapelketan lortutako emaitzari esker lortu zuen Costesek mundu titulua, baina oraingo honetan poza bikoitza izan dela aitortu zuen, txapelketa irabazi zuen bere lagun Lavernherekin poza partekatu ahal zuelako.
Honela esan zuen Costesek: «Mundu titulua hemen irabazi nuenean 2011. urtean, pentsatu nuen hura bezalako beste egun bat ez nuela berriz biziko nire bizitzan, baina egia esan, gaurkoa oraindik eta hobea da, zeren nire lagun hoberenak irabazi du txapelketa hau eta nik bigarren aldiz mundu titulua eskuratu ahal izan dut».
Aurten ere APB zirkuituan lehen mailan lehian aritu den bodyboard zaleen artean Alex Uranga zumaiarra izan da. Bikain aritu da azken unera arte lehian, baina zorte apur bat falta izan zaio; izan ere, sekulako txandak egin ditu, puntuazio altuak jaso ditu, baina arerio zailenak izan ditu parean eta ohikoa baino lan gogorragoa egin behar izan du. Hala eta guztiz ere, sekulako urtea egin du beste behin ere Zumaiako bodyboarderrak.
Brasilen Urangak irabazi zuen Itacoatiara Pro txapelketa, Nazaren (Portugal) final-laurdenetan izan zen eta ikuskizun itzela eman zuen, Kanaria Handian ere bikain aritu zen pasa den astean. Fronton deitzen duten urautsi beldurgarrian hartu zituen olatuetako irudiek munduari buelta eman diote, baina azken txapelketan ere zorte apur bat falta izan zitzaion Urangari eta final-laurdenen atarian kaleratu zuten. Urtea bosgarren postuan amaitu du Urangak, eta hori zinez txalotzekoa da, munduko bost lehiakide onenen artean baitago.
Iazko sasoian, 18. postuan amaitu zuen urtea zumaiarrak eta horri esker APB rankingeko TOP 28 lehiakideen artean zegoenez 2016an lehen mailan lehiatzeko postua irabazi zuen. Aurten munduko txapela eskuratzeko aukera izan du, oso gertu egon da, eta azkenean bosgarren postuan amaitu du, beraz datorren urtean ere lehen mailan aritzeko aukera izango du eta aurtengoan bezala aritzen bada, mundu titulua irabazteko aukera asko izango ditu.