NOV. 02 2016 IKUSMIRA Heriotza edo bizitza, zer hartu behar dugu serio? Amagoia Mujika Kazetaria Ez da samurra heriotzari zuzenean begiratzea. Horregatik jartzen ditugu loreontzi handiak gure eta haren artean, zirrikituetatik begiratuta gozoagoa dirudielako. Ez naiz hilerrira joan zalea. Haurra nintzela elurra ari zuen iluntze triste batean sartu zuten aitona zulo hartara, eta ez da gehiago bueltan etorri. Urteak eman nituen kezkatuta, aitona hoztu egingo zela-eta. Esaten zidaten begiak ixtea nahikoa nuela aitona ikusteko. Begiak irekita ikusten ez banuen, nola demontre ikusiko nuen begiak itxita? Haurrari galderak sortzen zaizkio, pilan-pilan. Eta zalantza horiek galdera zerrendatik kentzeko behar larria segidan. Batzuetan helduaren erantzunak asetzen du. Bestetan, ikerketa propioa abiatzen du, eta ondorio propioak atera. Nire kasuan heriotzaren inguruko galderak zerrendan segitzen du, haurra izateari aspaldi utzi banion ere. Inguruko helduen erantzunek ez ninduten konbentzitu eta ez nintzen ausartu ikertzera, topatuko nuenaren beldur. Lagun batek esan dit hori ez dela sanoa. Heriotzaz hitz egin beharra dagoela, barre eta negar egin behar dela heriotzaren inguruan. Denok hilko garela. Lagunak dena lasai hartzen du, patxadaz. Barre egiten du egoerarik aldrebesenean eta beti topatzen du irtenbideren bat. Eta ez badago, bide hori utzi eta beste bat asmatzen du. Makulu batekin dabil, behinola heriotzak lurrera bota zuelako, zangotrabaz. Heriotza parean jarri zitzaion, harroxko, tartean loreontzirik gabe. Kostata, lurretik altxatu zen eta geroztik ez du heriotza serio hartzen, bizitza hartzen du serio.