NOV. 05 2016 sokatira Laukoarekin abiatuko da aurtengo goma gaineko denboraldia J.L. Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa hastear da, eta betiko moduan, laukoarekin abiatuko da denboraldia. Aurreneko jardunaldia, gainera, gaur bertan jokatuko da Zamudioko pilotalekuan, 17.00etan hasita. Lehen jardunaldi honetan, mutilak 320ko mailan arituko dira; guztira bederatzi talde daude eta bi multzotan banatuta arituko dira. Hasteko, bi jardunaldiko ligaxka izango dute, eta multzo bakoitzeko aurreneko hirurek lortuko dute azaroaren 19an Ibarran jokatuko den finalean aritzeko txartela. Aurreneko multzoan, Ibarra, Murueta A, Txantrea eta Gabadi lehiatuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Ñapurrak, Murueta B, Ibarra B, 6 Conceyos eta Beti Gazte. Deigarria da Euskal Herriko bost herrialdetako taldeak ikustea eta pozgarria ere bai. Zuberoa eta Araba geratu dira mutiletan talderik gabe. Hala ere, denera ere ez dira talde gehiegi, kontuan hartuta bakoitzean lau tiralari daudela, kopuru nahiko txikia da hau, gero zortzikoan arituko diren taldeak bitan banatuta lehiatuko baitira hemen. Nafarroakoa Nafarroako Txapelketan, berriz, bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, 17.00etan, Lesakan. Bertan 420ko bigarren jardunaldia jokatuko da, mistoetan; 600ekoa mutiletan; eta 375ekoa nesketan. 600ekoan, Txantrea, Berriozar eta Beti Gazte arituko dira lanean, eta hau zortziko lehiaketa da. Nesketan, berriz, bi talde besterik ez dira ari lehiatzen, Txantrea eta Berriozar. Azkenik, mistoetan, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea eta Kaskailueta ari dira. Bakoitzean, hiru mutil eta hiru neska.