NOV. 11 2016 Negoziazio kolektiborako esparru propioa blindatzeko lanean segituko du LABek 2013ko akordio saialdian egindako proposamena erreferentziatzat hartuta, LAB prest agertu da behar diren negoziazioetan parte hartu eta adostasunak lortzeko. Negoziazio kolektiboa babestu nahi du. GARA donostia Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu Negoziazio Kolektiboko idazkariak gai honen eta lanbidearteko akordioaren gaineko irakurketa plazaratu zuten atzo. Hasteko, negoziazio kolektiboa lan eskubideak eta klase interesak defendatzeko oinarrizko eskubidea denez, berau babestea sindikatuaren estrategiaren ardatzetariko bat izango dela esplikatu zuten. Aranburuk baieztatu zuen Madrilen Gobernu berria osatu den honetan, murrizketa eta erreformen bidetik segituko dutela. «Hemen, Euskal Herrian, Confebaskek hitzarmenen negoziazioa blokeatzen jarraitzen du Estatuko hitzarmenak hedatzen joan daitezen estatalizazioa bultzatuz, eta apustu honetan Jaurlaritza du bidelagun». Negoziazio kolektiboko idazkariak ohartarazi zuenez, horrek ondorio larriak izango ditu langileentzat, soldata eta lan baldintzen kaskartzea ekarriko baitu. «Orokortzen ari den prekaritate» honen aitzinean, sindikatu abertzaleak «indarrak batu eta borrokaren aldeko apustua» egiten duela esan zuen Etxaidek, neurri zehatzetan oinarritutako negoziazio kolektiboa bultzatuz. Helburu honekin, langileak batzeko eta aktibatzeko ahalegina egingo dute. LABeko idazkari nagusiak jakinarazi zuenez, negoziazio kolektiborako eskubidearen alde jarraituko dute. «Alde batetik, lan munduan gure erabakien arabera antolatzeko bitartekoak ziurtatzeko lanean arituko gara, eta alderdi politikoei gure proposamenak helaraziko dizkiegu. Bestalde, uztailaren 22an Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordioaren aurka borrokatuko gara». Azken honekin lotuta, Lakuako Gobernu berriari dei egin zioten akordioa bertan behera uzteko. ONDORIO LARRIAKConfebaskek hitzarmenen negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela eta apustu horretan Lakua bidelagun duela salatu dute. Ondorio larriak ekarriko dituela diote: soldata eta lan baldintzen kaskartzea. PLAZARAPrekaritatea ez dela lan arazo soil bat eta bizitzako eremu guztiak ukitzen dituen heinean borroka plazara atera eta instituzioetara eramango duela azaldu du sindikatu abertzaleak.