NOV. 12 2016 JOKOAK Lasto botatze eta lokotx biltzeko finalak, prest Jon LEUNDA Lokotx biltzeko eta lasto botatzeko Euskal Herriko finalak jokatuko dira asteburu honetan. Aurrenekoa bihar Elgoibarren izango da, eta bestea, gaur Laukizen. Gaur, 18.00etan, Laukizko probalekuan jokatuko da lasto botatzeko finala. Carlos Ruiz de Aretxabaleta, Sergio Aldasoro, Juan Carlos Lopez, Tubi eta Andde Arbenoitz lehiatuko dira. Lehiaketa hau ikusgarria eta jendearentzat oso gustagarria izaten da. Tubi da irabazteko faborito garbia, eta gainerakoek lan handia egin beharko dute bera menderatzeko. Lokotx biltzeko finala, berriz, bihar jokatuko da Elgoibarren, 12.00etan, Magdalena parkean. Emakumezkoen eta gizonezkoen finalak jokatuko dira. Nesketan, Zuriñe Frutos, Goizalde Aransolo, Ainhoa Ortega, Maika Ariztegi eta Iren Izkue jardungo dira lehian. Mutiletan, berriz, Eneko Garmendia, Jon Goikoetxea, Unai Iantzi, Fernando Etxegarai eta Michel Guilçou lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak 50 lokotx batu beharko ditu, eta batetik bestera 1,25 metroko tartea egongo da. Bilbon, berriz, Bizkaiko trontzalarien Bigarren Mailako finala jokatuko da gaur, 13.00etan, Abandoko metro geltokiko Berastegi kaleko irteeran. Bertan, Arkaitz Ispizua eta Santi Zubizarreta, Mikel Agirre eta Jesus Gisasola, Ioritz Pereira eta Iker Murueta bikoak lehiatuko dira. Txapelketa honekin Bizkaiko Herri Kirol Federazioak kirol hau bultzatu nahi du, eta kirolari berriei aukera eman, beste batzuekin egiten duten moduan. Izenei begiratuta, Ispizua eta Zubizarreta izan litezke irabazteko faboritoak.