GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
SUSTRAI COLINA
BERTSOLARIA

«Beste sasoietan zubigileak izan ziren eta orain ere beharko ditugu»

Aurpegi zurbila ageri zuen Sustrai Colinak larunbateko finalean, geroago jakin genuen eri zela, baina ahulaldia ez zen aski izan bere dohainak agertuta bigarren txapela eskuratzeko. Ahuleziaren erdian txapel berri batek ekarritako indarra sumatu diogu urruñarrari. Aspaldi ez dela sortu da bere lehen haurra, beraz, poza ate joka dabilkion garaian jo diogu atea guk ere galderak pausatzeko.


«Amildegia duzu aitzinean, jauzi egitea deliberatu duzu». Horixe izan zen Sustrai Colinak entzun zuen azken gai puntuagarria. Amets Arzallusekin buruz burukoa jokatzen ari zen, eta azken hiru bertsoak bota behar zituen. Hona egin zuen maisulana: «Ostatu baten ezautu ginen dena ginun haizealde/ nik nahi al duzu galdegin nion ta etzidan egin alde/ gero ezkondu ginen elizaz apaiz eraztun altare/ bi seme-alaba izan ditugu jada koskortuta daude/ azkenaldian gara batera gabiltzan bi bakardade/ elkarrentzako ez amodio ta ez sensibilidade/ gaur lehen aldikotz amildegia sentitu dut parez pare/ nere buruai galdegitean zer ote naiz bera gabe»; «Garai onenak hegan zergatik joaten dira iheska?/ zergatik gorde ohi ditut hitzak zintzur ertzean trabeska?/ ez ote nuen betiko maite behar bihotzeko neska?/ sexua fini zen momentuan ez ote zen aski siesta?/ zergatik egin behar dut alde lehertutakoan tenpesta?/ irensten segiz gero egingo ote dut hemen gainezka?/ ez ote nabil burua galtzen neure buruai galdezka?/ amildegia daukat aurrean ta azpian sarerik ez da» «Ai ze zaila den berriz piztea behin hezetutako metxak/ zeresanik ez gorpuztu ezkero susmoak edo sospetxak/ dibortziatuak maiz marjinatzen ditun jendeak ta prentsak/ zer eginen dut behin honezkero fini badira sorpresak/ bere ondoan lo egiten dut beste batekin ametsak/ ta bertigoa emanagatik amildegi sakon beltzak/ aldegitea erabaki dut zintzotasuna legetzat/ askoz hobea izanen baita neretzat eta beretzat». Baina amildegian gora egin zuen jauzi, txapela janzteko.

Zer sentitu zenuen txapeldun zinela esan zutenean?

Emozio eta sentsazio nahasketa handi bat. Etxekoekin eta momentu txarretan beti hor egon den jendearekin gogoratu nintzen, bertsokideekin, eguneko nekea eta azken egunetako tentsioa sentitu nituen, txapelik gabe ere maitasun asko eman didan bertsozalearekiko esker ona… Poza, ardura, segundo bakoitza aprobetxatzeko gogoa, ondoren zetorkidana kontrolatu nahi eta ezina… Bitxia da, momentu horiek ez dira sekula imajinatzen dituzun bezalakoak izaten.

Saioko momenturen batean ikusi zinen txapelarekin?

Neure buruari hurrengo lanetik harago begiratzea debekatuta igo nintzen oholtzara. Bertso bakoitzari, lan bakoitzari, etekina ateratzea nuen helburu, aukera bakoitza nire ezaugarri, ertz eta baliabide ezberdinak erakusteko baliatu nahi nuen. Nire bizi momentuarekin bat zetorren bertsokera eta jarrera bat agertzea nuen finaleko xede, nire buruaz «beste» eta gure buruaz besta egitea, eta hori momentuan zentratuta soilik lor daitekeela uste dut. Esperientziak erakutsi dit hobe dudala nire esku dauden gauzetan zentratu, beste guztia nire esku dagoena ongi egitearen ondorio baizik ez dela.

Zortziko handian Ametsekin hasi zinen, elkarri laguntzen baino ideia antzekoekin ikusi zintuztegun...

Antzeko ideiak edukita ere lagundu dakioke elkarri. Bertsolariontzat garrantzitsua izaten da zenbait gairen inguruan guk pentsatzen duguna esan ahal izatea eta, bakoitzak bere ñabardurekin, horri heldu geniola uste dut. Saioko lehen ofizioa beti da delikatua eta ongi hasteak beti laguntzen du saioari oinarri bat jartzen, tentsio zein beldurretatik askatzen eta konfiantza hartzen.

Txikian indartsu, batez ere hamarrekoan, Odeirekin batera. Ernai.

Zortziko txikian, arrazoiketaren partez jarrera bat hobetsiz egin nuen aurrera eta hamarreko txikian aski garbi ikusi nuen nire burua gaiaren aurrean nola kokatu. Gaiaren baitan nire lekua zein den ikusten dudanean errazago betetzen ditut bertsoak, errazago etortzen zaizkit ideiak, errazago ekartzen ditut errimak, eta errazago ikusten ditut orain arte zapaldu ez eta zapaldu nahi ditudan bideak.

Kartzelara abiatzean zer zeneukan buruan?

Erabil nitzakeen doinuak, gaiei heltzeko helduleku posible ezberdinak, kartzela on bat egin eta gogoratzeko moduko lan bat uzteko grina, ez erlaxatzeko eta tentsioa mantentzeko agindua, nire saiotik ez ateratzeko ahalegina… Kartzela beti da bihurgune bat. Berriz hutsetik hasten lagundu zaitzake, bero datorrena hoztu dezake… Eta bertso bakoitza beste edozein bezala puntuatu arren hiru bertso baino zerbait gehiago dira kartzelako hirurak. Burutazio horiek ordenatzen eta tentsio puntu egokiaren bila egon nintzen nire txandaren zain.

Ametsekin buruz burukoa berriro. 6ko motzeko zoragarria...

Buruz burukoan denak egiten du gora, emozioek, tentsioak, txaloaren berotasunak eta horrek eragina izaten du bertsotarako orduan. Elkar ezagutzeak, konplizitateak, eta saioaren momentuak konfiantza eta jolas eta ideia bihurriagoetarako ausardia eman zigutela uste dut.

Bigarrena jarraian. Urtez urte plazaz plaza egindako lanari errekonozimendua bailitzan?

Sarri esan dudan gisan, orain dela lau urteko Xilaba inflexio puntu bat izan zen niretzat. Arantza utzi zidan. Orain dela bi urteko finaleko saioak arantza hori atera eta gainetik pisu bat kentzeko balio izan zidan eta aurtengoak azalberritzeko aukera eman dit. Garrantzitsua zen niretzat beste urrats bat egitea, orain bi urte baino bertsolari hobea izan naitekeela erakustea, ganbara egurastu eta probatzen segituz leku berrietara iristea. Atzoko saioak aurrerantzean konplexu gutxiagorekin eta konfiantza gehiagorekin nahi dudanaren bila libreago ibiltzeko aukera ematea nahi nuke. Pozik nago etsi nezakeenean ez nuelako etsi, konformatu nintekeenean ez nintzelako konformatu, eta batez ere, gaur lanerako gogoz jaiki naizelako.

 Txaloz hartu zintuen Laugak, zure lanak txalotuenetakoak izan ziren, eta bukaeran askoren pozaren isla izan ziren esku zartak...

Ez nago kexatzeko. Beti sentitu naiz oso maitatua eta atzo ere hala sentitu nintzen. Txapela janztean ere gogoratu nintzen horretaz. Bertsozaleek erakutsi didate gauzak gaizki atera arren ez dela mundua bukatzen, egun bateko markak baino gehiago balio duela urteetako arrastoak. Esker oneko natzaie nire rotondatik atera eta beste bide batzuetatik ibiltzea erabakitakoan nirekin datozela ikustean.

 Biziki kontzentratua sumatu zintugun. Bestalde, nola ikusi zenituen besteak?

Atzetik saioak arraro entzuten dira eta zaila da balorazio zehatz bat egitea. Sentsazioetatik hitz eginez, uste dut denek utzi zutela onetik, denek izan zutela euren kolorea erakusteko aukera. Finala ona ateratzeko sei bertsolariek egin behar dute ongi bertsotan. Ez dago miraririk. Zentzu horretan, pozten naiz finala ona atera zelako eta bakoitzak beretik zerbait utzi ahal izan zuelako. Asko lagundu zidan horrek nire tentsio puntuari eusten eta aldiro ahal nuena baino zerbait gehiagoren bila ibiltzen.

Zure bertso bakoitzak darama zure zigilua, detaile bat barnean, hala agertu duzu txapelketa osoan...

Hori da helburua. Bertsokera bat, jarrera bat, agertzeko eta gauzak esan zein egiteko modu bat islatzea bertso bakoitzean. Ez da beti erraza, muga eta aukeren arteko jokoa baita bertsoa: neurria, errima, gaia, batetik; eta sormenaren magia hori, bestetik. Alanbre horretan gabiltza etengabe. Horregatik zait ezinbestekoa azalberritzea, bizitzan eta eguneroko bizimoduan ikusten ditudanak bertsokerara ekartzea, kamarotea jostailu berriekin hornitzea, tarteka norbere ipurdiari ostiko bat jotzea, probatu ez ditudanak probatzea, egitera ausartu gabekoak egiten ausartzera… Horregatik lagunduko dit larunbateko saioak nire buruarengan konfiantza gehiagorekin eta konplexu gutxiagorekin libre bila ibiltzen.

 Agurrean mundu bat kabitzen zen...

Gure mundua, bizitzen ari garen garaia… Aro nahasi batean bizi garela uste dut, trantsizio berri batean bezala. Trump, Le Pen, Rajoy… Euskal kulturan eta euskalgintzan ere sasoi batetik besterako jauzian gaude non aterrizatuko dugun jakin gabe. Eskema berriak ditugu mundua ulertu eta irtenbideak bilatzeko. Garai likidoak deitzen diegu baina ezagutzen genuen mundu batetik ezagutzen ez dugun beste aro baterantz goaz. Beste sasoietan zubigileak izan ziren eta orain ere beharko ditugu.

 Urtetik urtera egiten zaizuen galdera da nola ikusten duzuen Ipar Euskal Herriko bertsoaren geroa. Itxarondako emaitzak ageri dira? Non ikusten duzu sakondu beharra?

Nahi nuke belaunaldi gazteago bat agertzea guri ostikoka. Horretarako eguneroko lana eta pazientzia behar dira, ordea. Eguneroko lana bermatuta dago, transmisio lan oso ona egiten ari dela uste baitut. Halaber, esango nuke pixkanaka-pixkanaka Ipar Euskal Herriko bertsoaren ekosistema transmisiotik harago doala. Gero eta saio gehiago antolatzen dira, publiko bat badago, gai-emaile zein epaile aritzeko prest dagoen gero eta jende gehiago… Xilabatik Xilabarako tartean olatuari eusten saiatzea izan daiteke egin beharreko ahaleginetako bat. Bertsularien Lagunak elkartea horretan ari da, eta ziur naiz, goizago ala beranduago ikusiko ditugula fruituak. Ez da ahantzi behar nondik heldu garen eta zer inguru dugun. Orain urte batzuk pentsaezina zatekeen larunbatekoa bezalako egun bat.