NOV. 17 2016 IKUSMIRA Harria txoriari, txoria harriari, akabo txoria Mikel Zubimendi Kazetaria Trumpen garaipenarekin eta Guardia Zibilaren Altsasuko gazteen ehizarekin hitz, hiztegi eta minak digeritu ezinik, ihesbide eta arnasgune bila Rasul Gamzatov-en obrara jo dut. Dagestango poetak liluratuta nauka. Menditzarrez eta urrutiko herrixkaz josia den Kaukasoko artista honek, garenaz, gure existentziaz, zera dio: «Bota harria txoriari, akabo txoria; bota txoria harriari, akabo txoria». Natura bezala, indartsu eta era berean hauskor eta delikatu garela ohartuz, errealitatearen harriek nola txikitu gaitzaketen gogoratuz eta nola ez zaigun kontzientzia baino geratzen altu eta urrunera hegan egiteko. Oroitarazten digu, halaber, bi kasutan baino ez dugula belaunikatu behar: udaberriko ur gardena edateko edo basalorea usaintzeko. Jakintzaren ur gardenaren aurrean men, irudimena libre egiten duen basaloreen usainari men. Bestelakoen aurrean belaunikatzen bagara, zapalkuntzaren aurrean, behin bakarrik bada ere, betiko kuxkurtuta, berriz tentetzeko gai ote garen jakiteke biziko garelako. Menditarra izanik, hain aparte bizitzean, lagunen bisitak jaso ahal izateko errepideak hain arriskutsuak izanik, zera zioen beti: «Lagun ona arriskuez kezkatu gabe iritsiko da eta lagun txarren beharrik ez daukat». “Nire Dagestan” liburua zoragarria da. Azalak zabaldu eta sartu ziurtasunez. Ondo sentituko zara. Eta hala ez bada, zure bisita sendagarria izango da bertan daudenentzat. Gamzatov ez zen jakintsu bat izan, ez zen superman. Baina beraren aurrean belaunikatu beti: pieza bakarreko pertsona, poeta puska izan baitzen.