NOV. 18 2016 Aizkora Vicente faborito dela jokatuko da Nafarroako maila nagusiko finala J.L. Nafarroako Lehen Mailako finala jokatuko da gaur Doneztebeko pilotalekuan, 18.00etan hasita. Bertan, Iker Vicente, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Donato Larretxea eta Juanjo Lopez lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Iker Vicente da egungo txapelduna, eta bera da aurtengoa irabazteko faborito nagusia ere. Kanporaketan ere onena bera izan zen, eta zale guztiak berak irabaziko duelakoan daude. Finalak gauza bitxiak ere baditu, alde batetik oso gazteak eta oso beteranoak neurtuko baitira. Donato Larretxea izango da beteranoena, eta gazteena berriz, Iker Vicente. Bere lehengusua ere oso gaztea da, Ruben Saralegi, alegia, nahiz eta Otsagabikoa baino zaharragoa den. Hor erdian Jon Rekondo aurkitzen da, eta Juanjo Lopez ere beteranoen artean sartu behar da, 40 urte pasa baititu. Lanari dagokionez, Euskal Herriko Txapelketarekin alderatuta, bi oinbiko faltako dira, gainerakoa berbera baita. Ez da lan ikaragarria, baina motza ere ez. Horrez gain, gaur Doneztebera joaten direnek, bertako azoka eta aizkolariak ikusi ez ezik, Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finalaz ere gozatuko dute. Maiza eta Cano eta Pikabea anaiak izango dira lehiatuko diren bi bikoteak. Lanean arituko diren lau trontzalariak eskarmentua soberan dutenak dira; batzuk, beteranoak, gainera, Pikabea anaiak, alegia, eta gainera biek badakite maila nagusian aritzea ere zer den. Neurketa azkarra eta ikusgarria izango da. Aizkolariez gain, hauek ere ikusmina emateko gai dira eta horretara plazaratuko dira.