Diktadorearen bi gorputzak
Unibertso beraren parte dira Koldo Izagirreren “Franco hil ziren egunak” bildumako bederatzi ipuinak. 1975. urte inguruan kokaturik daude denak, Francisco Franco diktadorea hilurren zen egunetan, eta orduko gorabeherak azaltzen dizkigute pertsona arrunten bizipenen bitartez.
Normala ez den egoera batean –diktadurak sortutako terrore erregimena– bizimodu arrunta eramatea posible den galderari baiezkoarekin erantzuten diote ipuinok, baita erakutsi ere nola bizimodu arrunt horiek biziraupen teknika ez ezik erresistentzia mekanismo moduko zerbait bihur daitezkeen. Izenburuak berak horixe aditzera ematen digu, Francoren heriotza ez zela egun bakarrean gertatu; hura sinbolikoki hiltzeko saioak hainbat egunetako esfortzua izan ziren.
Ekintza sinboliko horiek argi asko azaltzen dira “Paperak”, “Une baten argazkia”, “Ehun eta hogei” zein “O Burro” ipuinetan, diktaduraren sinboloak (Paulino Uzkudun, diktadorearen arrantzarako dohainak, haren monumentua) barregarri agertzearen bidez.
Besteetan, gurasoen balioen kontra altxatzearekin hasten da erregimenaren suntsipena. “Hondartza” ipuinean Real Sociedadek fitxatutako Patxi eta Kaskagorrik Alde Zaharreko kaleak poliziaz josita aurkitzen dituzte hondartzarako bidean. Maiatzaren Lehenaren harira manifestazioa deituta dago, eta bi lagunek badakite zer esan nahi duen horrek. Arrebarengandik ikasiak ditu Kaskagorrik erregimenari buruzko gorabehera guztiak, eta Patxik, berriz, Kaskagorrirengandik. Aitak Francoren alde borroka egin zuela aitortu zion behin Patxik lagunari; esan eta berehala lotsatu egin zen.
Gaurkoan, ordea, manifestariei lotuko zaie Patxi, hondartzan jokatu behar duten futbol partida beste baterako utzita. Manifestazio horretan poliziak tirokatutako gaztearen ingurukoa da “Irauntza” ipuina. Amari semeari zer gertatu zaion galdetzen ez dela inor ausartzen azaltzen du Gregor Samsak ez bezala bere burua zomorro bihurtzea nahi duen gazteak –jazarriarentzat garaipen modukoa litzateke itxuraldaketa–.
Kaskagorri berriro agertzen zaigu “Franco hil da entzun genuen eguna” ipuineko binetetako batean. Eskolan dela aita hil zaiola jakinaraziko diote eta hortik aurrera bizitza errotik aldatuko zaio. Tartean arreba atxilotuko diote erregimenaren kontrako jardueretan parte hartzeagatik. Patxirekin, aldiz, “O Burro” ipuinean egiten dugu topo berriz. Futbolari profesional bezala Galizian aritu ostean berriro itzuliko da herrialdera Francoren monumentua eraistea eztabaidatzen ari direnean. Azken horiek ezer erakusten badute, erregimenaren pean bizi direnen kontraesanak dira. “Larbi” bera, Saharan soldadutza egiten ari den euskaldun talde bati buruzkoa, horren adibide da.
Maroko eta Espainiaren kontra ari diren nomaden kausarekin bat datoz soldadu euskaldunak, baina beren preso den sahararrak bestela uste du bere preso egoera kontuan hartuta.
Hain zuzen ere, inperioaren paradoxetako bat horixe da: antzeko jazarpena jasaten ari diren horiek bata bestearen kontra altxa ditzakeela.
“Franco hil zuten egunak” irakurtzean Ernst Kantorowicz-en “The King’s Two Bodies” (1958, “Erregearen bi gorputzak”) lana etorri zait gogora. Erdi Aroan garatu zuten subiranotasun kontzeptuaren arabera, erregeak bi gorputz ditu: gorputz naturala, batetik, fisikoa dena –zauritu daiteke eta, gizaki guztiok legez, hil egiten da– eta gorputz espirituala dei genezakeen hori, bestetik, hilezkorra hura. Diktadoreekin antzeko zerbait gertatzen da; gorputz materiala hilda ere gorputz sinbolikoak segida izan dezake. Azken hori akabatzea zeinen garrantzitsua den gogorarazten digu Izagirrek.