GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
JOSEBA SARRIONANDIA
IDAZLEA

Ezkutuan ibili banaiz ez da izan ETAkoa izateagatik, baizik eta polizia espainolak harrapatu nahi ninduelako

Ez da erraza Sarriri argazki on baten ateratzea, berdin afrikarren moduan pentsatuko du, arima ebasten diola argazkilariak. Hala ere, batean edo bestean, duela 30 urteko aurpegi hura agertzen da, karamelu bat ebatsi eta harrapatua izan den ume batena. Beste batean aurpegia gogortzen du. Berdin Sarrik nahiago zuen sekula berriro ez agertzea argazkian.


Bat batean publikoki agertzen da Sarri Habanan bizi dela. Non zinen?
Urteak dira Habanan bizi naizela, bizimodu normala eginez.
Harritzen naiz diotenean ezkutaturik bizi naizela, edo ez dudala argazkirik ateratzen uzten. Aspaldi ez naizela ezkutatuta bizi, horrek ez du esan nahi prentsan agertzea gustatzen zaidanik.

Nola bizi zara hain diskretuki? Dakidanez duela hamasei urte ez duzula arazo gehiagorik Espainiako auzitegiekin...
Idaztea hartu dudanez zeregintzat, nahikoa dut horretarako gela bazter bat lasai esertzeko, eta ja, idatz dezaket. Gustura egoten naiz idazten, edo lagunekin ateratzen naiz, edo ilargiari begira ibiltzen. Baina ez dakit zertarako azaldu behar dudan nik prentsan, ez bada liburu bat azaltzeko edo.

Milan Kundera erdi gorderik bizi da, baina, hala ere, noizean behin argazki bat edo beste prentsari helarazten dio. Salman Rushdiek, islamistek mehatxatua, berdin. Zuk sekula ez duzu egin; beti agertu da Jesus Uriartek kartzelan egin zizun argazkia.
Estimatzen dut nire argazkiak eduki eta argitaratu ez dituen jendea; laguna errespetatzea da hori. Eta zeuri ere eskerrak eman beharko dizkizut “Babelia” eta “New York Times” lakoetan agertzen diren idazleekin konparatzeagatik ni. Ni mendialdeko hizkuntza bateko eskritore umila naiz eta ez dut nire burua audiobisualetan ikusten. Aterako didazun argazkiekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea, ez dezatela esan ez dagoela nire argazkirik eta kito; ea lan egiten uzten didaten. Hiru behintzat atera, bestela txotxoloren bat etorriko da hogeita hamar egitera.

Euskadi Saria ukan duzunean, Patxi Lopezen denboran, eskandalu bat sortu zen eta nahi izan zizuten dirua konfiskatu. Gero atera zen berria Mondragon Unibertsitatean emango zenuela konferentzia bat, eta, orain, Habanan egongo zara katedra baten buru. Nola dira gauza horiek?
Prentsako globoak dira, nire lanarekin edo bizimoduarekin zerikusi gutxi dutenak. Prentsa horia esaten zen lehen, politika horia ere esango nuke nik, politika ere gai batzuen inguruan oso horia delako. Yellow, ingelesez, kolore horia izateaz aparte, krudela eta kobardea ere bazen: titular sentsazionalistekin, errepikatzearen errepikez normaldutako gezurrekin, bestearen asmoa itxuraldatzea da gauza. Zaborraz hitz egitea da gauza. Orain mende eta piko William Randolph Hearst aipatzen zuten, baina oso hearst da medioen giroa aspalditik.

Jende ainitzek egiten duen galdera: non bizi izan zara orain arte?
Ba han eta hemen, beste guztiak bezala. Bizi izan naizen leku guztietan aurkitu dut jendea, nire antzekoa edo desberdina. Ez zait gustatzen gauzak mundu guztiari kontatzea, nahiago dut idatzi, gauzak pertsona bati kontatzen dizkiodalako sentsazioarekin. Nire liburuak arreta apur batekin irakurtzen dituena, ohartuko da non ibili naizen.

Nola da Habanako lan berri hori? Nola izan zara zu hautatua?
Ba, irakurle lanpostu bat deitu zuen Habanako Unibertsitatean Etxepare Institutuak, eta, besterik gabe, oposizioetara aurkeztu nintzen. 39 lagun aurkeztu ziren, esan zidatenez. Puntuazioaren arabera, hiru pertsona aukeratu zituzten Euskal Herrian. Eta gero, Habanako Unibertsitateak hiru horietatik bat aukeratu behar zuen eta, puntuazioa aintzat hartuta, lanera etortzeko abisatu zidaten uztailean.

Kontatzen ahal didazu zuzen zer egingo den, zein den proiektua?
Ikasgai optatiboa izango da “Euskara eta euskal kultura” bi karreratan, Lengua y Literaturan eta Historia del Arteko 3. mailan. Ingelesa derrigorrezkoa da, baina beste hizkuntza batzuk ere aukera daitezke: galiziera, katalana eta turkiera. Hortik aparte, espero dut ekitaldi kultural batzuk antolatuko ditugula, eta argitalpenak...

Zuen lanak publikatuko dira?
Gure ideia da aldizkari bat argitaratzea, “Kokuioa” izenekoa, badakizu, gauetan hor gaindi hegan pasatzen den koleopteroa, argi berdearekin. Ipurtargiak ipurdian izaten du argia, eta kokuioak buruan, ezta? (barreak). Espero dut aldizkariak gutxi ikertu diren gai linguistiko, literario eta historiko batzuk argituko dituela apur bat.

Konferentziak antolatuko dituzu?
Espero dut baietz, esate baterako, Blas de Oteroren inguruan egin nahi genuke, hiru urtetik gora bizi izan baitzen Habanan, 1964tik 1968ra, bere bizitzako epe interesgarria, baina aldizka oso mingarria. Horretaz oso gutxi argitaratu denez, bildu nahi genituzke bere orduko bere lagunak.

Guka ari zarenez, lankideak dituzu?
Lan-lanean ez, baina ez naiz nika hasiko izan ditudan laguntzaile boluntarioekin. Fakultateko irakasleek nahiz bertan bizi diren euskaldunek lagundu didate eta haiei esker dauzkagu jada lokala eta biblioteka. Ilusioa eman dit euskararen irakurletza honen alde hainbat pertsonaren elkartasunak, emankortasunak edo dena delakoak.
 
«Kolosala izango da» nik euskaraz irakurri dut. Espainolera itzuli duzu?
Daniel Escribanok egin du itzulpena. Irakurri ez duten beste guztient­zat esan daiteke gerra zibilari buruzko ume baten kontakizuna dela. Hamabi edo hamahiru urteko ume inuzentea desastreari begira Ondarroa eta Mutriku arteko kostako herri imajinarioan. Tituluan irabazleen triunfalismoa aipatzen da, 1937ko batailak amaitu eta gero Alemaniatik zetorrelako desastre are eta kolosalagoa.

Poesia antologia bat osatu duzu, gaztelaniazko itzulpenekin. Zein izanen da titulua?
“Hilda dago poesia?” deitzen da. Eta Pamiela editorialean argitaratuko da. Ez pentsa ni izan naizenik, e?

Seguru zuk baduzula zerbait  ikustekorik, modu batean edo bestean... Nik moroena irakurri nuen, kristoren lana, zer ikerketak! Nola deabru lotu zinen holako liburu bat idaztera?
Astia izan nuen, kolonialismoa deitu izan diren botere harreman horiek hemeretzigarren mendearen erdialdetik aurrera nola zabal­du ziren jakin-minarekin batera. Bide batez, lehenengo gramatika arrifia heldu zitzaidan eskuetara, eta hari hori eskuan joan nintzen ikertzen: okupazioa eta erresistentzia, ekonomia eta erlijioa, hizkuntza eta politika, batez ere Afrika iparraldean, baina Arrifen gertatzen dena munduko beste edozein partetan gertatzen da. Moroak besteak dira beti, baina geu gara benetako moroak. Botere harremanen arabera bizi gara, eta gure gizartearen oinarriak konprenitzeko obsesio hori izan nuen.    

Orain dela urte bat agertu zen «Lapur banden etika ala politika», euskaraz bakarrik, ez da itzulia izan. Bi hitz hortaz?
Ideia hori, erakunde politikoek lapur banden etikarekin funtzionatzen dutelako ideia, filosofia politikoaren historia osoan agertzen da. Platonen Errepublikan jada esaten da hala izan behar dela. San Agustinek ipuin polit bat utzi zuen, Alejandro Magno eta pirataren arteko solasa. Kapitalismoa ideia horren gainean eraiki da, Adam Smithekin hasi eta Friedrich Hayek arte, bandaren etikak hazkunde ekonomikoa bultzatzen duelakoan. Eta okerrena da egia dela, zeren Libiako suntsidura, esate baterako, enpresa amerikano eta europarrentzat aukera ederra da hazkunderako, eta lanpostuak sortzeko, esaten duten bezala. Erakunde politiko guztiek dute Cosa Nostra aire bat, sozialismo erreala ere kontraesan horietan ito zen, eta bueno, horixe da liburuaren gaietako bat, autokritikak ere badaude. Galdera da ea posible ote den beste era batean egitea politika.

Zure aita hil da uda honetan, noiztik ez zenuen ikusten?
31 urte eta egun batzuk, eta zor handi batekin utzi nau, denbora horrengatik. Ama eta iloba asko ditut han oraindik.

Zergatik ez zara Euskal herrira itzultzen?
Arrazoi politiko konkretu batengatik. Espero dut berandu baino goizago konponduko dela.

ETAko kide bezala ikusten zaitu oraindik jende askok, batez ere Espainian. Zer diozu duela bost urte hasi zen etapa berriari buruz? Borroka armatua uztearen alde zara?
Ni ETAko komando batean ibili nintzen 70eko hamarkadaren amaieran, orain kriminalizatzen nauten batzuk bezala. Gero, luzaroan, alde batetik bestera ihesean eta ezkutuan ibili banaiz ez da izan ETAkoa izateagatik, baizik eta polizia espainolak harrapatu nahi ninduelako. Zure galdera erantzuteko, bake prozesua beharrezkoa zen, eta, hogei urte lehenago egin izan balitz, hobe. Nire ustez, desgrazia pila bat gutxiago izango genituen.

Barkatu, baina zergatik ez zenuen urte haietan publikoki  zure ikus modua deklaratu?
Zer esan behar nuen nik publikoki, sanbenitoa saman ipinita Inkisizio espainolari begira, XVII. mendeko sorgin bat bezala jazartzen ninduten eta! Gainera, zer da hori, kondenatuak birkondenatze hori? Nik ez dut inkisidoreentzat lan egingo. Estatua ETAkoen aurka ari zen eta, bide batez, ETAkoak ez ziren askoren aurka. Duela bost urte ETAren aitzakia ez dutela eta berdin segitzen dute. Katalanek ez dute garbantzu bat ere disparatu eta ehunka auziperatu dituzte; ordezkari politikoak, hiritarren erabakimen librea antolatu nahi izateagatik.
Biolentzia gora eta biolentzia behera ari dira, eta eurak dira biolento bakarrak. Presupuesto polizial eta militar itzelekin, monopolioaren biolentzia hain arinki asumituz; Afganistan edo Irak ere bonbardatzeko eskubidearekin sentitzen dira. Motiboak pilak bezala apur bat errekargatu eta kapaz lirateke Bartzelona edo Gernika berriz bonbardatzeko. Ez dakit duda pizten zaien ere zergatik nahi dugun independentzia euskaldun, katalan eta galiziar askok. «Mi mundo no es de ese reino», esan zuen José Bergamínek, oso espainola izanda ere.
Konstituzioa edo Guardia Zibila onartu arte, espainolak Espainian zer ondo sentitzen garen esan arte kriminalizatuko naute, baina halakorik ez dago nire asmoetan.

Harritu nintzen Interneten argazki zahar bateri so egitean ikusiz nola 1985ean, ihesaren berri ematean, “El Correo Español” kazetan agertzen zen argazkian aurpegia kolpaturik duzun inolako dudarik gabe. Zer zen hori?
Erretratua 1980koa da, detenituta nengoen bigarren edo hirugarren egunean atera zidaten, eta gero beste sei egunez jarraitu zuten torturatzen. Euskal gaiagatik detenitzen zuten jendearen gehiengoa torturatzen zuten sasoi hartan, nire ustez. Eta ez zekitela esaten dute batzuek, torturatuen aurpegiak argitaratzen zituztenean prentsan! Normala zen, eta urterik urte izan da ohikoa tortura. Eta seguru jarraitzen dutela torturatzen. Orain argazkirik ez dute argitaratuko beharbada. Orain egun batzuk ez zuten ba poliziek senegaldar bat hil Iruñeko komisaldegian? Ez omen dakitenek alderantziz gertatu izan balitz jakingo zuketen, ez?
    
Zer diozu gaurko euskal presoen arazoari buruz?
Gerra bat edo konflikto politiko bat dagoenean justizia trantsizional bat egoten da, ez? Baina Espainiak ez du nahi bakerik, eta hanka bakarrarekin ibiltzea bezalakoa izango da orduan bake prozesua.
Presoak libre utzi behar lituzkete. Artean, niretzat, bahitu politikoak dira. Egia da desastre asko egin direla, baina beste harreman batzuk eraiki behar dira eta, gainera, injustizia konparatiboagatik ere libre egon beharko lirateke. Zeren, indibidualki, nork hil du jende gehiago Enrique Rodríguez Galindok baino? Eta denbora apur bat egin zuen detenituta... Herriko tabernan kalimotxoa zerbitzatzeagatik ere sartu dute jendea kartzelara. Felipe González, berriz, auziperatu ere ez dute egin. Ez dut espero presoak libre utziko dituztenik, Estatu espainolak ez du bere burua prozesatuko hilketengatik, torturengatik eta egin dituzten injustiziengatik. Eta ez dakit zelan konpon daitezkeen gauzak, baina 70eko hamarkadan bazen elkartasuna, pentsaera desberdinak izan arren horren alde elkarlanean aritzeko ahalmena, eta horma bota arte behin eta berriro bultzatzeko kemena.     
        
30 urte pasa dira argazkirik gabe, lan publikorik gabe. Bada, gaur zer? Bizimodu berri bat izanen duzu?
Berdin-berdin jarraituko dudala uste dut. Ni agertzen naizen argazkiak ez zaizkit bereziki gustatzen. Idazten jarraituko dut, horretan zerbait aportatu ahal izango dudalakoan.

 

Una foto a tres décadas de exilio

31 años después, la fotografía realizada a Joseba Sarrionandia en la cárcel de Martutene ha sido por fin actualizada con esta entrevista cuya versión en castellano puede consultarse en NAIZ. Poco después de ser retratado en 1985, el escritor de Iurreta se fugó de la prisión escondido en un bafle del cantautor Imanol. Era el día de San Fermín y su compañero de fuga fue Iñaki Pikabea, tal y como Kortatu inmortalizaría más tarde en la mítica canción. Después vino un largo exilio de tres décadas, reflejado en varias de las obras de Sarrionandia, a quien, en cualquier caso, no le quedan cuentas pendientes con la justicia española. Pese al exilio, Sarrionandia no ha dejado de saltar a la actualidad durante todos estos años. Sin ir más lejos cuando, con Patxi López de lehendakari, gano el premio Euskadi con la monumental obra ‘Moroak gara behelaino artean?’ (‘¿Somos moros en la niebla?’). En las últimas semanas ha vuelto a encabezar numerosos titulares después de hacerse con el puesto de lector que el instituto Etxepare impulsa en la universidad de La Habana. El próximo martes empezará su trabajo como profesor de euskara y cultura vasca.