NOV. 22 2016 sokatira Beti Gaztek eskuratu du denboraldiko aurreneko txapela Jon LEUNDA Beti Gaztek eraman du goma gaineko aurreneko txapela. Euskal Herriko Lauko Txapelketa ari da jokatzen une honetan, eta larunbatean jokatu zen 320koan finala. Nafarrak faborito nagusien zerrendan zeuden, eta beraiek lortu zuten txapela. Ibarra izan da final honetan bi talde sartzea lortu duen klub bakarra, eta B taldeak bigarren postua eskuratu zuen. Lan ona egin zuen, baina Beti Gazterekin ezin izan zuen, eta etxean aritu arren, bigarren postu horretan geratu behar izan zuen. Ñapurrak sailkatu zen hirugarren postuan, eta Ezpeletakoak ere podiumean sartu ziren. Lan ona egin zuten, baina aurreko biekin ezin izan zuten. Lehen fasea ikusita, Murueta A zegoen faborito nagusien zerrendan, Beti Gazterekin batera, baina bizkaitarrak ez zuten esperotako lana egin, eta laugarren amaitu zuten finala. Txantrea sailkatu zen bosgarren postuan, eta azkena, berriz, Ibarra A izan zen. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina Beti Gaztek hasieratik erakutsi du oso indartsu dagoela, eta lauko beste mailetan ere faborito bihurtuko da taldea. Gero, zortzikoan ikusi beharko da maila horri eusten dion, baina oraingoz, behintzat, txapel bat eraman du. Hau ez da geldirik geratzen, eta bat amaitu orduko, bigarrena hasiko da. Hain zuzen, Artziniegan jokatuko da larunbatean beste jardunaldi bat. Gizonezkoen 300ekoan eta emakumezkoen 260koan lehiatuko dira. Emakumezkoetan, inoiz baino talde gehiago lehiatuko dira, eta aurreneko aldiz, Lapurdiko talde batek parte hartuko du lehian, Uztaritzek. Mutiletan, aldiz, 320koan aritu diren ia talde berberak neurtuko dira pisu honetan.