NOV. 24 2016 DEBATE DE INVESTIDURA EN GASTEIZ LEGEALDIARI ATEAK IREKI DIZKIOTE NEGUA LEIHOTIK SARTU DEN EGUNEAN IñIGO URKULLU ETA MADDALEN IRIARTE IZAN ZIREN ATZO PROTAGONISTA NAGUSIAK, NAHIZ ETA UNE BATEZ EGURALDIA IZAN ZEN HIZKETAGAI NAGUSIA. ELURRA MARA-MARA BOTA ZUEN GASTEIZEN, ETA BATEK BAINO GEHIAGOK ESKERTU ZUEN GANBERAKO EPELTASUNA. JENDETZA BILDU ZEN HAUTAGAIEN BERBALDIA JARRAITZEKO, ETA DENEK ERRESPETUZ OROITU ZUTEN SANTI BROUARD. Last update: NOV. 24 2016 - 06:20h Iker BIZKARGUENAGA Karl Marxek esan omen zuen historia bi aldiz errepikatzen dela, lehenik tragedia bezala, eta bigarrenez fartsa gisa. Kasu honetan, ordea, ez Baga, ez Biga, ez Higa. Gaurko bozketan ezusteko handirik ez bada –handia baino gehiago beharko luke– laugarren aldia izango da EAJk eta PSEk gobernua osatuko dutena, eta, tira, auskalo zer tokatuko zaigun orain. Herri hau ez dago komediatarako, eta drama gehiegi ezagutu du dagoeneko. Estreinaldian, behintzat, ikusmina nabarmena zen antzokian. Legebiltzarreko komunikazio zerbitzuek iragarri zuten berrehun gonbidatu baino gehiago bilduko zirela, eta kazetariak, ehun inguru. Ez genituen denak zenbatu, baina egia da ganbera mukuru zegoela. Aurpegi ezagun asko tartean, alderdietako arduradunak eta instituzioetako ordezkariak, gehienbat. Batzuk aipatzekotan, han izan ziren Andoni Ortuzar jeltzalea; Arnaldo Otegi buruzagi independentista; Raul Arza eta Unai Sordo, hurrenez hurren UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiak; Markel Olano eta Ramiro Gonzalez, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak; Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea; Juan Calparsoro fiskala; eta hitzorduari «revival» ukitu bat emateko, agian, txoko bat izan zuten Jose Antonio Ardanza lehendakariak eta Juan Maria Atutxa eta Juan Jose Pujana Legebiltzarreko presidente ohiek. Agian haietako baten batek malenkonia puntu bat izango zuen, baina ziurrenik ez Gorka Maneirok bezainbeste. UPyDko parlamentari izandakoak adi jarraitu zuen saioa. Jendetza, beraz; kolore desberdinetakoak denak, baina guztiek bat egin zuten hautagaiek hitza hartu baino lehenago Santi Brouard oroitzeko egindako bi minutuko isilunean. Igandean 32 urte bete ziren Estatuaren aparatuek ezker abertzaleko buruzagia tiroz hil zutenetik, eta Parlamentuaren sarreran ere bere erretratua eta kandela bat jarri zuten. Elurra mara-mara Gasteizen, baina kandelaren garrak aro kaxkarrari eutsi zion. Euskal presoen eta euren senideen egoera ere ez da samurra, eta gai honi buruz zer esaten zen jakiteko Etxerateko Urtzi Errazkin Legebiltzarrera gerturatu zen. Iriartek esandakoa nabarmendu zuen, besteak beste, asteburuan izandako istripuak aipatu zituela azpimarratuz, eta Urkulluren adierazpenetan gauza berririk ez zuen sumatu. «Hitzez harago fundamentu handiagoarekin» aritu dadila eskatu zion. Izan ere, EAJren eta PSEren arteko harreman ona ez da, tamalez, urteak joan eta urteak etorri bere horretan jarraitzen duen gauza bakarra. Elurteak ustekabean hartu zituen legebiltzarkide, gonbidatu eta kazetariak, eta goizeko saioa bukatutakoan askok argazkiak atera zizkioten txuriz jantzitako Ganberari