NOV. 26 2016 sokatira Finalerako bidean aurreneko geldialdia egingo dute Artziniegako kiroldegian J.L. Aurreneko lehiaketa amaituta, beste bi abiatuko dira gaur Euskal Herriko Goma Gaineko Lauko Txapelketan. 17.00etatik aurrera jokatuko da gaurko saioa, Artziniegako kiroldegian. Mutilak 300 kilotan lehiatuko dira, eta bi multzotan banatuta neurtuko dira. Bi jardunaldi jokatuko dira, eta bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek lortuko dute finalerako txartela. Beti Gazte A, Ibarra A, Murueta A, Txantrea, 6 Conceyos eta Berriozar neurtuko dira A multzoan, eta, bigarrengoan, berriz, Ibarra B, Beti Gazte B, Murueta B, Kaskailueta, Uztaritzeko Gazteria eta Ñapurrak. Nesketan, berriz, 260 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da. Ligaxka moduan jokatuko da hiru jardunaldira. Ibarra, Bizindar, Badaiotz, Txantrea, Berriozar eta Uztaritze neurtuko dira. Azken urteetako talde kopururik handiena izango da aurtengo nesken lehiaketan. Berrikuntzarik handiena, berriz, Uztaritzeko Gazteria taldea izango da.