NOV. 26 2016 KIROLA Zizurkildarren arteko dema jokatuko da Urrezko Kopan Jon Irazu eta Joseba Otaegi nor baino nor arituko dira gaur Zizurkilgo pilotalekuan, 19.00etatik aurrera.Bihar, berriz, 12.00etan hasita Juanjo Lopez eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira Bilboko Amezola plazan. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Kopako bi kanporaketa jokatuko dira asteburu honetan. Bat gaur jokatuko da, eta bestea, berriz, bihar eguerdian. Gaur 19.00etan Zizurkilgo pilotalekuan Joseba Otaegiren eta Jon Irazuren arteko kanporaketa izango da. Oso erakargarria izango da saio hau, maila nagusian dauden bi zizurkildarrak elkarren aurka lehiatuko baitira. Ikusmina piztu du herrian eta inguruan, eta harmailek sarrera oso ona izango dute. Lana ere, gainera, zaleen gustukoa da, aizkolari bakoitzak hamabi kana-erdiko erdibitu beharko baititu. Irabazleak, gainera, finalerdietan sartzeko txartela lortuko du. Ikusteko moduko kanporaketa da, dudarik gabe. Bigarren kanporaketa bihar eguerdian, 12.00etan puntuan, jokatuko da Bilboko Amezola plazan. Han neurtuko dira Juanjo Lopez eta Ugaitz Mugertza. Aizkolariok ere lan bera egin beharko dute, eta ikuskizun polita izan daiteke. Biak izan ziren Eskal Herriko Lehen Mailako finalean, eta ikuskizuna emateko gai izango dira. Askorentzat, Mugertza II.a izango da irabazteko faboritoa. Harri-jasotzea Harri-jasotzen ere Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketako bi kanporaketa jokatuko dira. Aurrenekoa gaur jokatuko da Zizurkilen, aizkolariekin batera harri-jasotzaileak ere lehiatuko baitira. Ikuskizun polita izan daiteke. Alde batetik, Izeta IV.a izango da, eta, bestetik, berriz, Ilarramendi. Harri-jasotzaile bakoitzak hiru harri ezberdin erabili beharko ditu norgehiagokan zehar. Hasteko, 150 kiloko errektangularra erabiliko dute, ondoren 113 kiloko kubikoa, eta, azkenik, 100 kiloko bola. Bakoitzarekin aritzeko bina minutuko txanda bana izango dute. Izeta IV.a da gaur garaipena lortzeko faborito nagusia. Zarauztarrak lan handiak egiten ditu, eta eskarmentua ere handia dauka. Ilarramendi saiatuko da aurkaria estutu eta ezustea ematen. Asteburu honetako beste kanporaketa Bilbon izango da, bertan ere aizkolariekin batera. Bizkaiko hiriburuan Iñigo Eizagirre eta Goenatxo III.a arituko dira nor baino nor. Bi kirolariok gaur Zizurkilen izango duten lan bera egin beharko dute bihar Bilbon. Hasiera batean saioa orekatua ematen du, baina Goenatxo gaztea aterako da garaipena lortzeko faborito bezala. Gauzak horrela, lau harri-jasotzaile gazte ikusteko parada aparta izango da asteburuan zehar. Hemendik aurrera ere zaleek ez dute aspertzeko betarik izango, jarraian etorriko baitira harri-jasotzaileen bi apustu eta harri-zulatzaileen beste bat, baita Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa ere. Horrez gain, Urrezko Aizkolarien Kopa eta Harri-jasotzaileen Txapelketa ere ate joka dira.