GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Mugertzak eta Otaegik egin dute aurrera Kopan

Zizurkildarrak Irazu menderatu zuen, eta mutrikuarrak, berriz, Lopez.


Joseba Otaegik eta Ugaitz Mugertzak lortu dute Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketak gainditu eta aurrera egitea. Zizurkildarrak Irazu utzi zuen bazterrean, eta mutrikuarrak, berriz, Lopez.

Herenegun ilunabarrean jokatu zen Zizurkilen herriko maila nagusiko bi aizkolarien arteko dema, eta Otaegik lortu zuen garaipena, nahiz eta aldea handia ez izan. Aizkolari bakoitzak hamabi kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta saio dotorea eskaini zuten, bertaratu zen jendeak gozatzeko modukoa.

Aizkolariek hamabina kana-erdiko ebaki behar izan zituzten. Amaieran, 30 minutu eta 31 segundo behar izan zituen Joseba Otaegik bere lan guztiak amaitzeko, eta 31 minutu eta 23 segundo, berriz, Jon Irazuk.

Beste kanporaketa atzo jokatu zen Bilbon, eta bertan ez zen ezusterik izan, Ugaitz Mugertzak lortu baitzuen garaipena. Horretan aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Herenegun iluntzean Zizurkilen emozioa izan baldin bazen, atzokoan are eta handiagoa izan zen, amaieran 25 segundoko aldea baino ez baitzen izan.

Ugaitz Mugertzak 26 minutu eta 33 segundo behar izan zituen egin beharreko lan guztiak burutzeko, eta 26 minutu eta 58 segundo, berriz, Juanjo Lopezek.

Harri jasotzen bi kanporaketa ziren jokatzekoak, baina bakarra jokatu zen. Herenegun Izeta IV.ak mendean hartu zuen Illarramendi. Hiru harri ezberdin erabili zituen harri-jasotzaile bakoitzak, eta bakoitzarekin bina minutuko txandak izan zituzten. Izeta IV.ak guztira 44 jasoaldi lortu zituen, eta Illarramendik, berriz, 37. 

Atzo eguerdian Bilbon, Eizagirre eta Goenatxo III.a ziren lehiatzekoak, baina azken honek ezin izan zuen parte hartu, eta Eizagirrek eskuratu zuen hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.

Goenatxo III.a

Goenatxo III.ak marka ahalegina egingo du etzi eguerdian, 12.30ean Azkoitiko plazan. Azkoitiarrak 175 kiloko kubikoa erabiliko du, baita 213ko harri errektangularra ere. Bakoitzarekin hiruna minutuko txanda bana izango du lanerako.