Badaiotzek indartsu ekin dio sasoiari
Badaiotz, Beti Gazte eta Ibarra izan dira Euskal Herriko Goma Gaineko Lauko Txapelketako jardunaldiko talderik onenak. Saioa Artziniegan jokatu zen.
Neskak 260 kilokoan lehiatu ziren, eta Badaiotz erabat nagusitu zen. Arabarrek jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Bigarren postuan, berdinduta geratu ziren Txantrea eta Ibarra. Badaiotzekin galdu egin zuten, gainerakoak mendean hartu, eta berdinduta amaitu zuten euren artean. Berriozarrek, berriz, Bizindar eta Uztaritzeri irabazi zien, eta gainerakoak galdu.
Atzetik Bizindar sailkatu zen. Arabarrek Uztaritzeko Gazteria taldeari bakarrik irabazi zion, eta lapurtarrek itxi zuten sailkapena, jokatutako tiraldi guztiak galduta.
Mutilak, berriz, 300 kilokoan neurtu ziren, bi multzotan banatuta. Aurrenekoan, Beti Gazte B izan zen onena. Lesakakoek jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Bigarren, Murueta sailkatu zen, Beti Gazterekin bakarrik galduta. Hirugarren, berdinduta geratu ziren Kaskailueta eta Uztaritze. Elkarrekin berdindu egin zuten, aurreko biekin galdu, eta Ibarra B taldeari irabazi zioten. Azken hauek tiraldi guztiak galdu zituzten. Beste multzoan, Ibarra A taldea izan zen onena. Gipuzkoarren atzetik sailkatu ziren Murueta A, Berriozar, Beti Gazte A eta Txantrea. Hurrengo astean jokatuko da bigarren saioa.