GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Hezkuntza propioaren alde arraun egiteko unea


Ur nahasietan dabil azken urteotan hezkuntza, Madrilek eragiten dituen olatuen oldarraldiei aurre egiten saiatuz eta etxe barruko murrizketek uzten duten herdoilaren eraginak kentzen ahaleginduz. Eta azken notiziek itsasoa baretu den sentsazio faltsua zabaldu nahi dutela iruditzen zait, Espainiak eta erkidegoek errebalidei jatorrian zuten indarra kendu dietela baitiote; DBHko azterketa beldurgarri hura aukerakoa izango da eta selektibitate azterketa berri bat izango dute, lehengoaren antzekoa, gaitz erdi, baina gaitza.

Irakurri dut Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak aurrerapausotzat hartu duela Iñigo Mendez de Vigo ministroak eztitu duen “Wert legearen” bertsio berria, baita errepikatu ere Lomce bertan behera uztearen alde dagoela. Aldiz, gertatzen da dioen hori ekinarekin bat ez datorrela. Beste erkidego batzuek zuzenean planto egin eta legea aplikatzeari uko egin dioten bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan “Wert legea” aplikatzen hasia da, isil-isilik, errebalidek sortu duten zarataren azpian, eta ondoan Heziberri du, eragile gehienak kontra dituen euskal dekretua.

Kanpoko enbatek eta barruko adostasunik ezak ahulago egiten du ontzia, eta badakigu itsasoa ez dela baretuko. Familiek, ikasleek, sindikatuek... norabide berean arraun egiteko eskaera argia egin dute. Herri akordioak goraipatzen diren une honetan, euskal hezkuntza sistema propio bat eraikitzen hastea enbata gogorrenari aurre egiteko itsasontzi sendoena da, baita tripulazioaren beharrei ondoen erantzungo diena ere.