Gene azpirakorra
Ile-hori bat eta ile-ilun bat maitemindu egin dira. Ile-horiak urdinak ditu begiak eta ile-ilunaren begiak marroiak dira. Handik 9 hilabetera haur bat izan dute. Haur honek ilea horia izateko aukera txikia du eta ilea iluna izatekoa, berriz, handia. Haurrak begiak urdinak izateko aukera ere oso txikia du eta begiak marroiak izatekoa handia. Demagun haurraren ama euskalduna dela eta aita, berriz, ez. Beraz, euren arteko komunikazioa euskaraz izateko aukera oso txikia da, eta gaztelaniaz izatekoa, handia. Ile-horiek eta begi-urdinek jasaten duten gaitz bera jasaten du euskarak. Gene azpirakorra da.
Jar dezagun beste adibide bat. Gasteizko udaletxean euskararen dinamika indartzeko bilera bat egin da eta alderdi bakoitzeko ordezkari bana bildu dira. Zein hizkuntza aproposagoa euskararen inguruan hitz egiteko euskara bera baino? Bada, alderdietako batek (imajina dezakezue) bilerara bidali duen ordezkariak daukan euskara maila Homo sapiens batek gaur egungo punta-puntako teknologian duen mailarekin soilik aldera daiteke. Euskaraz agurtzeko ahalegina behintzat egin egin du, baina alferrik. Beraz, euskararen dinamika indartzeko bilera gaztelaniaz eramango da aurrera. Hau da hau paradoxa.
Argi geratzen da euskara gene azpirakorra dela. Beharrezkoa dugu banako guztiek euskararen genea izatea euskaraz hitz egin ahal izateko, ile-horiek eta begi-urdinek seme zein alaba ile-horia edo begi-urdina izateko gertatzen den gisara. Baina ile-horiek eta begi-urdinek ez bezala, euskarak badu konponbide argia eta konponbidea ez dago gure gurasoengan, norbanakoarengan baizik. Ezin dugu begien edo ilearen kolorea aukeratu; bai, ordea, zein hizkuntzatan hitz egin.