DEC. 04 2016 Harri-jasotzea Josetxo Urrutiak lehen txandan erabaki du apustua Harri-jasotzaile nafarrak amaieran 11 jasoaldi kendu zizkion Telleriari. Jon LEUNDA Josetxo Urrutiak uste baino askoz ere errazago irabazi zuen atzo arratsaldean Asteasun jokatu zen apustua. Leitzarrak hasieratik hartu zuen abantaila, eta amaieran hamaika jasoaldiko aldea egon zen. Kirolari bakoitzak bere pisuaren bikoitza pisatzen duen harria erabili behar zuen. Azkenean, gainera, hasieran uste zena baino gutxiago pisatu zuen Josetxo Urrutia nafarrak. Denek 146 kiloko errektangularra eramango zuelakoan zeuden, baina saioa hasi aurretik kirolari bakoitzak egin zuten pisaketan, 71 kilo eskas pisatu zituen, eta 142koa eraman zuen Urrutiak. Urtzi Telleriak denek uste zutena eraman zuen, 156ko errektangularra, 77 kiloko pisua eman baitzuen. Honelakoetan egiten den bezala, hasi aurretik biak pisatu ziren. Jendeak ere erantzun oso ona eman zuen, 500 ikusle joan baitziren Asteasuko pilotalekura, eta berriro ere garbi ikusi da apustuek jende asko erakartzen dutela. Hasieran diruak Urrutiaren aldeko joera zeukan, baina lehen txandaren atzetik ez zen batere jokatu. Bakoitzak sei minutuko hiru txanda zituen lanerako, eta alde bakoitzak 3.000 euro jarri ditu dirutan. Zozketa egin ostean, Urrutiari egokitu zitzaion lanean hastea, eta ia dena erabakita utzi zuen. Nafarrak 20 jasoaldi eman zizkion aurreneko txanda honetan, lan bikaina eginez. Atzetik plazaratu zen Telleria, eta ez zeukan lan erraza. Berak ere ongi bete zituen sei minutuak, baina 15 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Txanda bakar bat jokatuta, eta bost jasoaldiren aldea zegoen. Handi samarra zen, eta garbi zegoen Urrutiak kudeatzen asmatzen baldin bazuen, dema erabakita zegoela. Bigarren txandan ere ez zuen hutsik egin Urrutiak, eta oraingoan ere 19 jasoaldi lortu zituen, aurrekoan baino bat gutxiago. Berriro ere oso lan ona, eta egoera oso larrian uzten zuen Telleria. Gipuzkoarrak ez zeukan lan samurra horri buelta emateko, baina saiatu zen berea egiten, eta 15 jasoaldi eman zizkion, aurrenekoan bezalaxe. Oraingoan, bai, dena erabakita zegoen, txanda baten faltan bederatzi jasoaldiko tartea baitzegoen. Azkenekoan ere bai Azkeneko txandan bazekien lan txukun bat egitea nahikoa zuela Urrutiak, eta horixe egin zuen. 17 jasoaldi lortu zituen, eta horrekin amaitu zuen bere jarduna, eta bazekien, gainera, apustua irabazita zeukala, jarri zuen aldea iraultzea ezinezkoa izango zuelako Telleriak. Hala ere, gipuzkoarrak lan oso txukuna egin zuen, aurreko bi txandatan bezalaxe 15 jasoaldi eman baitzizkion harriari, eta amaieran berak ere txalo artean utzi zuen pilotalekua. Apustua ia galduta zuela jakin arren, berea egitera joan zen, eta horixe egin zuen, eta ongi merezitako txaloak izan ziren berarentzat ere. Amaieran, hiru txandetako jasoaldiak batuta, 56 izan ziren Josetxo Urrutiarentzat, eta 45, berriz, Urtzi Telleriarentzat. Harri jasotzen hurrengo apustua datorren igandean bertan jokatuko da Azpeitiko zezen-plazan, eta han neurtuko dira Xabier Aranburu eta Iban Ugartemendia. Bakoitzak 200 kiloko harri errektangularra erabili beharko du, eta haiek ere sei minutuko hiru txanda egin beharko dituzte.