DEC. 05 2016 Bodyboard Alex Urangak munduko txapelduna gainditu eta Europako txapela jantzi du Aurten APB munduko titulua irabazi duen Pierre-Louis Costes frantsesak ezin izan du Europako txapela eskuratu. Titulu hori Alex Urangarentzat izan da. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Alex Urangak Pierre-Louis Costes gainditu zuen Azoreetan joan den astean, eta, horrekin, europar rankingean bodyboard zale frantsesa garaitzea ere lortu du. Horrela, zumaiarrak Europako txapela kendu dio azken lau urteetan Europako txapeldun izan denari. Pierre-Louis Costes, egun Portugalen bizi den bodybardzale frantsesak ez du, beraz, aurtengo titulu europarra eskuratu; aldiz, aurtengo APB munduko titulua eskuratu du. Alex Urangak, ostera, aurten lehen mailako APB ranking orokorrean bosgarren postuan amaitu du eta zumaiarra prest da datorren urtean ere munduko titulua eskuratzearren borrokatzeko. Hortaz, mundu mailan Costesek garaitu du Uranga aurtengoan, baina Europako itzulian alderantziz izan da, zumaiarra izan da frantsesa mendean hartu duena. Azaroko azken astean Azoreetan (Portugal) izan zen Europako txapelketa irabazi zuen Alex Urangak, eta horrela 2016ko Europako txapela ere eskuratu zuen. Europako bodyboard itzulia osatzen duten lau txapelketetatik hirugarrena zen Azoreetakoa, oraindik Marokon abenduan egingo duten txapelketa falta baita. Marokoko txapelketa horren ostean aurtengo bodyboard txapelketen sasoia amaitutzat eman daiteke. Zumaiako Itzurun hondartzan egin zen Europako txapelketa eta Azoreetakoa irabazi ostean Europako txapela eskuratzeko behar adina puntu bildu zituen Urangak, zeren Marokoko txapelketa beste edozein lehiakidek irabaziz gero ere ez luke Urangak duen puntu kopurua biltzeko aukerarik izango. Hau da, itzuli osoa amaitu baino lehen eskuratu ahal izan du Europako txapela zumaiarrak. «Europako txapela eskuratzea ez zegoen nire lehentasunen artean», adierazi du Urangak; izan ere, zumaiarra mundu mailako itzulian buru-belarri aritu da aurtengo sasoian eta oso ongi aritu da gainera, baina behin munduko zirkuitua amaitu eta etxera itzuli zenean, Europako txapelketetan parte hartu eta emaitza ezin hobeak lortu zituen. Gauzak horrela, mundu mailako lehiaketei begira prestatu bazen ere, egindako lanari beste maila batean (maila europarrean) etekina atera ahal izan dio zumaiarrak eta horrela urtea hobeto amaitzeko modua ere bilatu du. Urangak munduko APB zirkuituan eskuratu duen bosgarren postua eta Europan irabazi duen txapela emaitza oso onak dira 2016ko balantzeari dagokionez. Urangak berak aitortu bezala, babesleei begira bultzadatxo bat ere izan daitezke emaitza hauek; izan ere, bodyboard munduan oso zaila da mundu mailan aritzeko laguntza emango duten babesleak aurkitzea eta, zentzu horretan, atletek esfortzu handia egin behar izaten dute. Gainera, txapelketetako sariak ere oso apalak dira; esate baterako, surf txapelketetan izaten diren diru sariekin alderatuta, bodyboard txapelketetan diru sariak askoz ere apalagoak dira. Alderaketa bat egitearren, gerta daiteke Europa mailako bodyboard txapelketa bateko diru sariak eta, esate baterako, Euskal Herri mailako surf txapelketa bateko diru sariak antzekoak izatea.