DEC. 07 2016 Israelek koloniak legeztatuko ditu, Obamari hortzak erakusteko Israelgo Parlamentuak Zisjordaniako kolonietan eraikitako 4.000 etxebizitza legeztatzeko proposamena onartu du lehen irakurketan. Netanyahuren Gobernuak horrela erantzun dio AEBetakoari, John Kerryk Israelgo eskuinari bakerik nahi ez izatea leporatu baitio. Last update: DEC. 07 2016 - 06:23h GARA JERUSALEM Nazioarteko zuzenbidearen arabera, lurralde okupatuetan eraikitako kolonia guztiak dira legez kanpokoak, baina Israelgo erregimenak irakurketa propioa egiten du eta dio «asentamendu» batzuk legezkoak direla, eta legez kontrakoak besteak. Joan den astelehenean Parlamentuak onartutako lege proiektuak azken horietako 50 kolonia judu legeztatzea eragingo luke. Baita bertan eraikitako 4.000 etxebizitza inguru ere, Bakea Orain erakunde bakezaleak emandako datuen arabera. 60 diputatuk baiezkoa eman zioten proposamenari eta 49k, ezezkoa. Edonola ere, proiektuak bide luzea egin behar du oraindik Parlamentuan bertan. Bakea Orain-ek uste du palestinar jabe pribatuei 600 hektarea lapurtzeaz gain, Palestinan bi estatu eraikita bakea lortzeko bidea erabat zapuztu dezakeela. Tankera horretako zerbait esan zuen iragan igandean John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Brookings Institutuak antolatutako ekitaldi batean. Israelgo agintean dagoen eskuinari leporatu zion palestinarrekiko bakerik nahi ez izatea, kolonizazioarekin jarraitzen duelako, eta horrela ezinezkoa da bi estatuen formula zutik jartzea. Kerryk berak bitartekari lanak egin zituen 2013 eta 2014an bake prozesua berriz abian jartzeko asmoz, baina ez zuen gauza handirik lortu. Estatu idazkariak beste bake proposamen bat aurkezteko asmoa du, baina Netanyahuk Trumpekin hitz egin nahiago du. SALAKETA Palestinar Aginte Nazionalak eta Nazio Batuen Erakundeak gaitzetsi egin dute koloniak legeztatzeko ekimena. Aldi berean, palestinarrek «nazioarteko komunitatearen isiltasuna» salatu dute.