DEC. 08 2016 IKUSMIRA Azterketak argazki finkoak dira beti Maider Eizmendi Kazetaria Hiru urtez behin aztertzen ditu PISA txostenak ikasleen gaitasunak zientzian, matematikan eta irakurmenean –zergatik aztertzen diren hiru alor hauek eta ez beste batzuk aztertu beharko litzateke, agian–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak ez dira espero zirenak eta, izatez, datuak zuzenak badira –inor hasi da akatsa izan daitekeela esaten–, zientzian eta matematikan inoizko emaitzarik txarrenak lortu dituzte eta azken txostenetik beherakada handia izan dela nabarmentzen da. Txostenak txalotu egin ditu, aldiz, Nafarroako ikasleen gaitasunak hiru alor horietan eta Estatuko punta-puntan jarri ditu herrialdeko ikasleak. Noski, Lakuako agintariak ez dira batere gustura agertu datu horiek jakinarazteko egindako agerraldian, «harrituta» eta nolabaiteko esplikazio lasaigarriren bat bilatu nahian ikusi baititugu. Jakina da inkesta eta ikerketa oro abiatu aurretik haren metodologia prestatu behar dela eta hainbat erabaki hartu –ahalik eta arrazoitu eta egokienak, baina erabakiak azken batean–. Ez da azterketa sistemari kritika egiteko garaia, emaitza jaso eta hura kontrakoa denean ez baita oso elegante geratzen. Emandako azalpenen artean, deigarria iruditu zait, bestalde, Lakuako Hezkuntza sailburuak erabilitako argudioa. Ikerketa honek argazki finko bat eskaintzen duela eta, noski, datuak testuinguruan kokatzea behar-beharrezkoa dela. Bada, akaso inork azaldu beharko dio eurek ikasleentzat proposatzen dituzten azterketetan ere horixe egiten dela, argazkia atera eta hura huts-hutsean baloratu.