DEC. 10 2016 Aizkora Otaegi eta Azurmendi lehiatuko dira Kopako finalerako txartelaren bila J.L. Bihar eguerdia herri kirolez beterikoa izango da. 12.00etan Azpeitiko harri-jasotzaileen apustua jokatuko da; 13.00etan, Arratzun harri-zulatzaileen apustua; eta tarte horretan, 12.30ean jokatuko da Otxandion Urrezko Aizkolarien Kopako bigarren finalerdia, baita Urrezko Harri-jasotzaileen bigarren finalerdia ere. Aizkoran, Joseba Otaegi eta Iñaki Azurmendi neurtuko dira. Biak gipuzkoarrak eta biak ere eskarmentu handikoak. Hamabina kana-erdiko erdibitu behar dituzte, eta irabazten duenak finalerako txartela lortuko du. Final horretarako Aitzol Atutxa sailkatuta dago. Harri-jasotzaileen finalerdian, berriz, Jokin Eizmendi eta Izeta IVa. neurtuko dira. Bakoitzak 150eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabiliko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izango dituzte. Hemen ere lehen finalista zein den jakina da, joan den ostegunean Izeta II.ak lortu baitzuen aurreneko txartela. Bihar Izeta IV.ak lortuko balu, Asteasun jokatuko den finalean aita eta semea izango lirateke aurrez aurre. Horretarako, bihar Eizmendi menderatu beharko luke, eta ez da lan samurra izango.