DEC. 10 2016 HAUR LITERATURA Posta tradizionalari omenaldia Lore AGIRREZABAL Liburu bat eskuratu ordez, gutun bat jaso dudala iruditu zait “Azken gutuna” jasotzean. Gutizia-liburua iruditu zait Pamiela-Kalandrakak argitaratu berri duena, gainazal berezi batek estaltzen baitu. Gutun edo postaz bidaltzen den pakete marroi baten modukoa da eta sokaz lotuta dator. Liburua esku artean izan aurretik, gutun bat zabaltzeak sortzen duen zirrara eta jakin-mina eragiten du gainazal berezi hori kendu beharrak. Barruan aurkituko dugun gutuna “Azken gutuna” da; Antonis Papatheodoulou (Atenas, 1977) eta Iris Samartzi (Atenas, 1979) idazle eta ilustratzaile greziarrek sortutako liburua; 2016an album irudidunentzako nazioarteko IX. Compostela Saria jaso duena. Pamiela-Kalandrakak argitaratu du Fernando Reyren euskarazko itzulpenarekin. Liburuak Bazterra jaunaren azken laneguna kontatzen du. Egun oso berezia, nostalgia kutsu handikoa, Bazterra jaunarentzat. Izan ere, postaria da; gaur egun, desagertzeko arriskuan dagoen lanbidea da berea, eta, hori gutxi balitz, bizi den uhartean bera da postari bakarra, azkena. Izan ere, dagoeneko, bere lanbidea telefonoak eta posta elektronikoak ordezkatu dute ia erabat. Bestelakoa zen Bazterra jauna lanean hasi zen garaia uharte hartan; postarien lana jendearen arteko komunikaziorako ia ezinbestekoa zen garaia. Urteetan bera izan zen bertako berri-eramaile nagusia. Azken egun hartan, ordea, bere berria zen guztien etxeetara zabaldu behar zuena: erretiroa hartzera zihoala, hain zuzen. Baina egun hartan, herriko ate guztiak itxita aurkitu zituen. Zakutoa hustu zuen gutunak ate azpitik sartuz, baina ez zen inor gutuna jasotzera irten. Atsekabetuta eseri eta zakutoari azken begiratua ematean ohartu zen, gutun bat banatzea ahaztu zitzaiola, lehen aldiz 50 urtean. Baina azken gutun hura berezia zen, “Ondargorrieta” baino ez zuen jartzen azalean. Istorio eder honekin idazleak omenaldi txiki bat egin nahi izan dio gutunak banatzearen ofizio zaharrari. Iris Samartziren ilustrazioek ere beste horrenbeste iradokitzen dute. Izan ere, collage moduan sortutako irudietan etengabe erabili ditu gutun-azalak, zigiluak, barra kodeak, kartoi zatiak, eskuz idatzitako lerroekin trazatutako pertsonen irudiak… Gutun-azal eta posta-paketeen kolore marroi-okrea, zeruaren urdina eta paperaren zuria dira gehien nabarmendu dituen koloreak. Liburuaren azalean, berriz, Bazterra jaunaren irudia ilustratu du zigilu baten barruan. Postariari egindako omenalditxoa hori ere. Hasieratik amaieraraino, bai testua eta bai ilustrazioak oso modu orekatsu eta armoniatsuan uztartzen dira. Hain zuzen, horixe azpimarratu zuen Compostela Sariko epaimahaiak ere saria “El último día” (Azken gutuna) izeneko lanari ematean. Ez da, baina, Antonis Papatheodoulouren lehen saria; 2011n eta 2012an Greziako Album Ilustratua Saria jaso zuen eta bere zenbait obra The White Ravens zerrendan agertu izan dira. Iris Samartzi ere ilustratzaile saritua da. Hain zuzen, 2012an eta 2015ean Antonis Papatheodoulouk idatzitako liburu banari egindako ilustrazioekin IBBYren Greziako atalak banatzen duen Liburu Ilustratuaren Sari Nazionala eskuratu zuen. Posta elektronikorik gabeko garaian jaiotakoak dira bi sortzaileak eta ederki asmatu dute gutunak banatzen dituen gremioari dagokion aitortza egiten.