GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Une batetik besterako etengabeko igarotzea


Konturatu orduko egutegiko orriak desagertzen joan dira, eta egun, urtearen azken txanpan gaude. Intentsitate handiko egunak bizi izan ditugu herri honetan, poztu eta mindu egin gaituzten berriak jaso ditugu, amorrua sorrarazi diguten irudiak ikusi ditugu baina irribarrea pintatu diguten beste asko ere bai.

Horrela ematen badu ere ez natorkizue urteko bilana egitera, urte gogorra eta emankorra izan dela esatera. Eta zertara orduan? Ba jakina den kontu bat azpimarratzera: denbora zizpurua da. Eta hasperen horietan bizitza batu daiteke.

Urte bukaerako egun hauek arraroak dira niretzat, urte batetik bestera eramaten gaituztenak. Sarritan, ez dago aldaketa handirik igarotze horretan, aldaketak istant batean gertatzen baitira, baina, halere, diferenteak dira.

Zoriontsuak, alaiak eta lagun minak izatera derrigortuta bageunde bezala sentitzen ditut egun hauek, egunotan inguratzen gaituen iragarki saio etengabea gure bizitzara erori balitz bezala edota zinta horretako zatia izango bagina bezala.

Kontradizio egunak ere badira. Arraroak. Eta hutsuneak handiagoak sentitzen direneko egunak. Gurekin izan direnak, gure bizitzaren oinarriak sendotzen lagundu gaituztenak, une aberats ugari ekarri dizkigutenak... Gurekin ez daudenen falta nabariagoa izaten da egunotan, gure bizitzan beti presente izan arren. Eta maite ditugun eta gurekin dauden horien berotasuna eta laguntza parajeagoak sentitzen ditudan egunak ere badira. Horregatik, istant batean dena alda daitekeelako, topa egiten dut guztiekin.