Iñaki Azurmendi Urrezko Aizkolarien Kopako finalean izango da
Iñaki Azurmendik lortu zuen Urrezko Aizkorako Kopako finala jokatzeko txartela, Joseba Otaegi mendean hartuta. Arriarango aizkolaria hasieratik bukaerara nagusitu zitzaion azken honi.
Lehen kana-erdikotik jarri zen aurretik, eta apurka-apurka zuloa egiten joan zen. Hamabina kana-erdiko moztu behar zituzten, baina lan erdietarako, seigarrenerako, alegia, zuloa egina zeukan. Ordurako minutu eta erdiko abantaila zeukan Azurmendik, eta garbi zegoen finalerdia erabaki samartuta zegoela.
Eta halaxe izan zen, bigarren zati horretan aldeak handitu egin baitzituen, eta amaieran bien arteko aldea lau minutu pasakoa zen. Iñaki Azurmendik 25 minutu eta 36 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko; Joseba Otaegik, berriz, 29 minutu eta 38 segundo. Gauzak horrela, Azurmendik finala jokatuko du Atutxarekin batera, baina denera hiru aizkolari dira, eta hirugarrena datorren asteburuko kanporaketan erabakiko da.
Harri-jasotzea
Urrezko Harri-jasotzaileen finala jokatzeko txartela, berriz, Jokin Eizmendik eskuratu zuen, Izeta IV.a mendean hartuta. Bakoitzak 150eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutu izan zituzten.
Errektangularrak erabaki zuen auzia, hor egon zen aldea baino ez baitzen egon saioaren amaieran. Errektangulararrekin 14 jasoaldi lortu zituen Eizmendik, eta bat gutxiago Izeta IV.ak. Kubikoarekin 16na jasoaldi lortu zituzten, eta bolarekin, berriz, 21na. Denera, Jokin Eizmendik 51 jasoaldi lortu zituen, eta Izeta IV.ak, berriz, 50.