DEC. 19 2016 Harri-jasotzea Iragarpen guztiak bete ditu Aimar Irigoienek Kirolari errezildarra jaun eta jabe izan da erabilitako lau harriekin, eta bigarren postuan sailkatutako Eizmendiri 15 jasoaldiko aldea kendu dio. Jon LEUNDA Aimar Irigoienek aparteko arazorik gabe irabazi zuen atzo arratsaldean Asteasuko pilotalekuan jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Bera zen irabazteko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin: gainerako guztien oso gainetik agertu zen kirolari errezildarra. Bost harri-jasotzaile lehiatu ziren, eta bakoitzak 200 kiloko errektangularra, 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanerako hiruna minutuko txandak izan zituzten. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, guztira 500 ikusle pasa bertaratu baitziren. Aimar Irigoienek 8 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 17 zilindroari, 14 kubikori eta 21 bolari. Guztira 60 jasoaldi lortu zituen, eta denera 9.300 kilo bizkarreratu. Errezildarrak horrela Harri Txikien Txapelketan sartu zitzaion arantza atera ahal izan zuen, orduan ezin izan baitzuen irabazi, eta Urruzunoren atzetik geratu behar izan baitzuen, bigarren postuan. Atzetik sailkatu zen Eizmendi. Zarauztarrak 7 jasoaldi eman zizkion 200ekoari, 9 zilindroari, 13 kubikoari, eta, azkenik, 16 bolari. Jokin Eizmendik denera 45 jasoaldi lortu zituen, eta 6.925 kilo bizkarreratu. Bera zen errezildarraren aurkari nagusia, baina oso aparte geratu zen. Galarragarentzat izan zen hirugarren postua. Berak, 4 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 7 zilindroari, beste horrenbeste kubikoari, eta 12 bolari. Galarragak denera 31 jasoaldi lortu zituen, eta 4.700 kilo jaso ahal izan zituen, eta horrekin podiumean sartu zen, bere helburu nagusia betez. Atzetik oso gertu izan zuen Illarramendi. Berak 3 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, zazpina zilindroari eta kubikoari, eta, azkenik, 12 bolari. Denera 29 jasoaldi lotu zituen, 4.375 kilo bizkarreratuz. Sailkapena Goenatxo III.ak itxi zuen. Lau jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 6 zilindroari, 8 kubikoari eta 9 bolari. Azkoitiarrak denera 27 jasoaldi lortu zituen, eta 4.175 kilo bizkarreratu zituen.