GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Joxe Ugarteburuk eta Javier Elorriagak marka berri bat jarri dute


Joxe Ugarteburuk eta Javier Elorriagak marka oso ona jarri zuten atzo Zumarragan. Ezkiokoak 60 urte ditu, eta 63 urte Zumarragakoak. Txanda librean 20 kana-erdiko ebakitzen aritu ziren, horrela 60 urtetik gorako bi aizkolarik inoiz egin gabeko marka jartzeko asmoz.

Azkenean, bi beteranoek 42 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten lan guztiak egiteko. Lan erdiak 20 minutu eta 5 segundoan egin zituzten. Biek ere oso itxura ona eman zuten, eta bertaratu zen jendeak ere eskertu zien egin zuten lana.

Urrezko Aizkorako Kopan, berriz, Jon Rekondok eskuratu zuen finala jokatzeko geratzen zen azkeneko txartela. 10 kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta leitzarrak lan guztiak 20 minutu eta 9 segundoan amaitu zituen. Atzetik sailkatu ziren Otaegi (20.43) eta Mugertza II.a (23.40). Rekondorekin batera, Atutxa eta Azurmendi lehiatuko dira finalean.

Urrezko Harri-jasotzen, Izeta IV.ak lortu zuen finalerako azken txartela. Borroka handia izan zuen Ostolatzarekin, baina jasoaldi bateko aldea egon zen amaieran. 150 kiloko errektangularra, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili zituzten. Izeta IV.ak 51 jasoaldi lortu zituen, Ostolatzak 50 eta Eizagirrek, azkenik, 40. Izeta II.a eta Eizmendi aurretik zeuden finalerako sailkatuta.