Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Abenturaz beteriko bidaia

XX. mende hasieran Selma Lagerlöf andereño eta idazleak Suediako maisu-maistren elkartearen aldetik enkargu bat jaso zuen: Suediako haurrentzako ikasliburu bat idaztea, bertan herrialdearen ezaugarri fisikoak eta kulturalak jaso behar zirelarik.

Lagerlöfek hiru urte eman zituen bere herrialdea eta bertako ezaugarriak ikertzen eta 1906 eta 1907 bitartean argitaratu zuen “Nils Holdgersson-en bidaia miresgarria”. Nobelak eskatutakoa baino askoz gehiago batu zuen; izan ere, idazleak abenturazko nobela entretenigarri eta erakargarria egin zuen. Eta uste hori indartzeko agian aipatu beharko litzateke liburua argitaratu eta hiru urtera Selma Lagerlöf izan zela lehen emakumea Nobel saria jasotzen.

Nobela –nahiko luze– haren egokitzapena dugu orain Ibaizabal etxeak gure eskuetan jarri duen liburu eder hau.

Irakurleari aurreko istorioa ahazteko gomendatuko nioke; ez dezala pentsa Suediako geografia eta eskualdeetako ohiturak ikasteko edo ezagutzeko liburu baten aurrean aurkituko dela. Oraingo bertsio honetan, horren ordez, abenturak du pisurik handiena. «Bazen behin Nils izeneko mutiko bat, lo egiten, jaten, eta tontakeriak esaten besterik ez zekiena». Nils horrek iratxo bat harrapatu eta berarekin zer egin erabakitzen ari zela «sekulako zartakoa jaso zuen buruan, eta konortea galdu zuen». Esnatzean Nilsek txiki-txikia dela ikusiko du, bai eta animalien hizkerak hitz egiteko gai dela ere. Horrela jakingo du zeruan hegan ari diren antzara batzuek baserrikoei dei egiten dietela beraiekin joateko. Martin antzara hegan egiten saiatzen ari denean Nilsek jauzi egiten du haren gainean, ihesik egin ez dezan; antzarak, baina, hegaldiari ekiten dio gainean mutikoa daramala.

Horrela hasten da antzarekin batera Nilsek egiten duen bidaia, bidaia miresgarria liburuaren izenburuan adierazten zaigunez, eta abenturaz betea. “Smir” azeria atzetik izango dute bidaia guztian eta lurralde ezezagunetan barneratuko dira hegaztiak eta mutikoa. Ekaitzak bultzatuta irletara, elikagaien atzetik urrutiko lurraldeetara, jende eta toki ugari ageri zaizkigu. Hemen istorio bat, han abenturatxoa, hurrengoan bidaiaren kronika… irakurleak ikusiko du orriak aurrera egin ahala liburua atsegina egiten zaiola, kontakizunak ondo korritzen duela eta irudiek, baita trokelatutako orriek ere, laguntzen dutela disfrutatzen jarraitzen. Baina baita ikasten ere, ez aurretik aipatu dugun geografia, folklore edo fauna, ez, bizitzaz ikasten. «Mutil gazte horren kontua entzutean, ulertu dut zenbateraino den garrantzitsua lagunei traiziorik ez egitea», esango dio Nilsek “Bataki” beleari; edo bere buruari esango dio hegazti gosetiei jaten ematen zien emakumeari eskerrak eman beharko dizkiola egun batean. Aipagarria da, baita ere, naturaz adierazten duen kezka, esaterako, kiskalitako mendi tontorrean dagoenean: «Herriko haurrak zetozen, aitzurrak eta mailuak eskuetan, irakasleekin eta basozainekin zuhaitzak landatzera. Denborarekin, landare txikiak hazi egingo dira, eta mendia lorez beteko da berriro». Mutikoaren bidaia iniziatikoa ere bada, mundua ezagutzen du, baina bere burua ere bai, mundua aldatzen ari den neurrian bera hazten ari dela ikusi dugu, eta gu ere, irakurleok ez gara izango liburu hasieran ginenak.