Jon LEUNDA
PILOTA

Faboritoak finalean dira

Ducassouk eta Larraldek ez dute hutsik egin, eta Superprestige torneoko azken partidan izango dira.

Ez da ezusterik izan, eta bi faboritoak, Battitte Ducassou eta Peio Larrade, neurtuko dira urtarrilaren 8an Donibane Garaziko Superprestige torneoko finalean, nahiz eta uste baino arazo gehiago izan zituzten biek ere atzokoan.

Lehen norgehiagoka 40-33 irabazi zuen Peio Larraldek Gonzalezen aurka, estualdi latza pasa ostean. Bizkaitarra nagusi izan zen azkeneko hamar kintzeak arte, baina azken txanpa horretan lapurtarrak aginte makila atera zuen, eta norgehiagoka erabakita utzi zuen.

Mikel Gonzalez bikain hasi zen, eta denak aho zabalik utzi zituen lehen kintzeetan. Aurreneko kanporaketatik ari da jokatzen, eta, jadanik bere jokoa ezaguna izan arren, Larralde erabat menperatua izan zuen. 0-9 aurreratu zen eta partzial bikainak lortuz aurretik jardun zuen markagailuan 29nako berdinketa iritsi zen arte.

Ondorengo kintzeetan ere berdinketa ugari izan ziren, baina Larraldek bere maila eman zuen azken txanpa horretan, eta neurketa bere alde erabaki zuen, sufrimendu ugari pasa ostean.

69 minutu iraun zituen partidak, eta saketik 13 kintze egin zituen Larraldek, eta bat gutxiago, berriz, Gonzalezek. Jokoan 15 egin eta hiru galdu zituen lapurtarrak, eta 18 egin eta 12 galdu, aldiz, bizkaitarrak. Markagailua honela joan zen: 0-9, 9-13, 10-18, 13-20, 18-25, 29-29, 30-30, 33-33 eta 40-33.

Bigarren finalerdian Ducassouk 40 eta 26 irabazi zion Ospitali, baina lan asko egin behar izan zuen, batez ere bigarren zatian. Oinean arazoekin dabil Ospital, eta lesio txiki horrek asko eragin zion partidako bigarren zati horretan.

Hala ere, Ducassou beti aurretik joan zen, nahiz eta markagailuan berdinketa ugari izan ziren lan erdiak arte, guztira zortzi izan baitziren. 19-19koaren ostean, Ducassouk ihes egin zuen 9-1eko partzial bat sartu ostean, eta hortik aurrera bidea askoz ere errazagoa izan zuen Battitte Ducassouk.

Partidak 69 minutuko iraupena izan zuen. Jokoan 26 kintze egin zituen Ducassouk eta zazpi pilota galdu zituen. Beste horrenbeste galdu zituen Ospitalek, eta 11 tanto egin. Botearekin, zazpi kintze egin zituen Ducassouk eta bat gehiago Ospitalek. 3-0, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6, 10-10, 13-13, 18-18, 19-19, 28-20 eta 40-26 izan zen markagailuaren mugimendua. Garat trinketeko harmailak bete egin ziren atzo.