Iratxe Esnaola Arribillaga
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Facebook gezurretan?

Abuztu bukaeran eman zen aldaketa, Facebookek Whatsapp erosi eta bi urtera. Orduan ere ekarri nuen gaia zutabe honetara: Whatsappek erabilpen baldintzak aldatu zituen, Facebookekin informazioa trukatzeari ateak parez parez irekiz. Baina hori ez zela gertatuko esan zuten 2014an, erosketa prozesuan. Eta pasa den abenduaren 20an, Europako Batzordeak erosketa prozesuan Facebook gezurretan ibili zela ondorioztatu zuen. Eta kargu-orria bidali dio.

2014an, erosketak ez zuen zalaparta handirik sortu. Facebookek 60 enpresa erosi ditu 12 urtetan. Whatsapp bat gehiago da. Baina Whatsapp ez da edozein. Hori guztiok dakigu. Eta jakina zen ere, bi enpresen informazioaren integrazioa denbora kontua besterik ez zela. Baina une hartan, erosketa prozesuaren azterketaren baitan, Europako Batzordeak egiten zizkion informazio eskaeren aurrean, Facebookek uko egiten zion integrazioaren auziari. Eta bi enpresen erabiltzaileen datuak automatikoki lotzea ezinezkoa zela baieztatu zuen. Nahiz eta Europako Batzordeak ere aurrez jakin teknikoki posible zela. Baina abuztuan Whatsappeko erabilpen-baldintzetan eman zen aldaketarekin, bi enpresen erabiltzaileen datuak lotzea posible bilakatu da. Teknikoki posible zena, erabilpen-baldintzek ahalbidetzen dute orain.

Facebooki bidali dion kargu-orrian, hain zuzen, horixe esaten du Europako Batzordeak: teknikoki 2014an ere posible zela. Eta erosketaren azterketan, Facebookek informazio ez zehatza eta engainagarria helarazi zuela. Halere, edozein kasutan, Europako Batzordeak ez du 2014an erosketa baimentzearen erabakia aldatuko. Baina Facebooki isuna jar diezaioke, kargu-orriari ematen dion erantzunaren arabera.

Eta, orduan, zertarako hainbeste zalaparta? 2014an, zerk eragotz zezakeen erosketa? Ezerk ez. Pribatutasunari behar eta merezi duen babesa, legala eta politikoa, ematen ez zaion bitartean, gure datuak euren produktu dituzten enpresak indartu baino ez dira egingo. Eta, ondorioz, jendarte zibila ahuldu.