Jon LEUNDA
Aizkora

Atutxak berea egin du

Aizkolari bizkaitarrak irabazi du Urrezko Aizkolarien Kopako finala, baina amaieran zazpi segundobakarrik kendu ahal izan dizkio Jon Rekondori. Leitzarrak amaiera bikaina egin du, eta ia irabazi zuen.

Aurreikuspenak bete egin ziren, eta Aitzol Atutxak irabazi zuen Urrezko Aizkorako Kopa, baina ezustea ere oso gertu egon zen, Jon Rekondok bizkaitarrak baino zazpi segundo gehiago soilik behar izan baitzuen.

Sarrera bikaina izan zuen Asteasuko pilotalekuak, eta finala zuzenean ikusteko bertaratutakoek amaieran gozatu ere egin zuten. Aizkolari bakoitzak hamabost kana-erdiko ebaki behar izan zituen.

Aitzol Atutxa zen garaipena lortzeko faborito nagusia, eta bizkaitarra jaun eta jabe izan zen aurreneko enborretan. Zortzigarren enborrean, esaterako, ia minutu bat ateratzen zion Jon Rekondori, eta ia bi Iñaki Azurmendiri, eta bi enbor gehiago moztu ondoren ere aldeak ia bere horretan jarraitzen zuen. Ia dena erabakita zegoela zirudien, eta harmailetan ere ez zen aparteko builarik entzuten, baina gauzak aldatzen hasi ziren.

Jon Rekondok gora egin zuen, baita Iñaki Azurmendik ere, eta bizkaitarrak zeraman aldea ere laburtzen hasi zen. Erabakita zirudiena aldatzeko bidean izan zitekeen, tarteak asko ari baitziren estutzen.

Horrela, azkeneko enbor hauetan zaleak suspertu egin ziren eta finala estua izango zen itxura hartzen joan zen, eta horrelaxe izan zen, azkenean ez baitzen erabaki ia amaiera arte. Amaierako enborrera hamar segundoko tartearekin sartu zen bizkaitarra, eta leitzarrak gogor jo zuen aurka zuen aldea murrizteko, baina ez zuen lortu, eta txapelak berriro ere lehengo buruan jarraitu zuen. Aitzol Atutxak 31 minutu eta 17 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Jon Rekondok, berriz, 31 minutu eta 24 segundoan burutu zituen bereak, eta Iñaki Azurmendik, aldiz, 32 minutu eta 22 segundoan.

 

Izeta II.a

Urrezko Harri-jasotzaileen lehiaketan ere ez zen inolako ezusterik izan, eta Izeta II.ak lortu zuen garaipena. Aiarra zen irabazteko faborito nagusia, eta amaieran txapela ere eraman zuen. Aizkoran bezalaxe, hemen ere hiru ziren finalean aritzekoak, baina Jokin Eizmendik ezin izan zuen norgehiagoka honetan aritu gaixorik zegoelako, eta biren arteko finala geratu zen.

Harri-jasotzaile bakoitzak 150eko harri errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola izan zituen lanerako, eta bakoitzarekin aritzeko, berriz, bina minutuko txandak izan zituzten. Aitaren eta semearen arteko dema honetan aita izan zen nagusi aurreneko harritik hasita. Errektangularra izan zen aurrena erabili zutena, eta harri horri 15 jasoaldi eman zizkion Izeta II.ak. Bere semeak, berriz, bi gutxiago eman ahal izan zizkion. Ondoren iritsi zen kubikoa, eta horrekin bi kirolariak berdinduta geratu ziren, bakoitzak 18na jasoaldi eman baitzizkion 113ko kubikoari. Lanak bukatzeko, bola bakarrik geratzen zen, eta Izeta IV.ak aurka zituen bi jasoaldi horiei eman beharra zeukan buelta txapela lortu ahal izateko, baina ez zuen hori egiterik izan zarauztar gazteak.

Azkeneko harriarekin, 22 jasoaldi lortu zituen Izeta II.ak, eta bat gutxiago, berriz, Izeta IV.ak, eta horrela, txapelak lehengo lekuan jarraitzen zuen, Izeta II.ak irabazi baitzuen iaz ere lehiaketa hau. Guztira, 55 jasoaldi lortu zituen Izeta II.ak eta 52 jasoaldi, berriz, Izeta IV.ak. Aldeak errektangularrarekin eta bolarekin izan ziren, bi harri horiek erabaki zuten finala, kubikoarekin berdinean geratu baitziren. Hala ere, bi kirolariek neurketa polita eskaini zuten.

 

Orain Binakako Txapelketa hasiko da

Urrezko Aizkolarien Ligako Kopa amaitu herenegun bertan egin bazen ere, aizkolariek ez dute izango atseden hartzeko inongo astirik. Datorren martxorako bi apustu iragarrita daude: alde batetik, Txapartegik eta Zalduak jokatuko dutena; eta bestetik, berriz, Elorriaga II.ak eta Dorronsorok jokatuko dutena. Baina bi norgehiagoka horiei gehitu behar zaie Binakako Urrezko Aizkora, eta hori datorren igandean bertan jarriko da abian, lehen saioa jokatuz.

Oraindik ez dute ezagutzera eman bikoteen zerrenda, baina jadanik aurreratu dezakeguna da datorren igandean, urtarrilaren 8an, jarriko dela lehiaketa hau abian, eta lehen saio horretan Atutxa eta Mugertza II.a Irazuren eta Mindegiaren aurka arituko direla. Lehen neurketa hori, gainera, Deban jokatuko da, 12.00etatik aurrera. Pentsatzekoa da, astean zehar Egur Sport enpresak emango duela ezagutzera parte hartuko duten gainerako bikoteen zerrenda ere.  J.L.