JAN. 06 2017 Berezkoak Gixandutek behetik gora egin nahi du Jon LEUNDA Berezkoen Buruz Burukoan hirugarren kanporaketa jokatuko da gaur Arrangoitzeko trinketean. Jaialdia Bigarren Mailako partidarekin hasiko da 19.00etan, eta hau bigarrena izango da. Gixandut eta Amulet izango dira aurrez aurre. Gixandutentzat txapelketako bigarren partida izango da, aurreneko kanporaketan Bieleri 40 eta 25 irabazi baitzion. Amuletek, aldiz, bere aurreneko neurketa izango du. Hala ere, Gixandut aterako da garaipena lortzeko faborito. Behetik indarrean datorren gazte horietakoa da, eta zaleek itxaropen handia jarria dute berarengan. Aurretik jokatuko den Bigarren Mailako kanporaketan Etxegarai eta Agirre izango dira lehian. Finalik ez Berezkoen Superprestigioko finala etzi zen jokatzekoa, baina jadanik jakina den bezala, nahiz eta ofizial atzo egin, ez da jokatuko, eta urtarrilaren 22ra atzeratu da. Larralde eta Ducassou ziren jokatzekoak, baina azken honek ezker eskuan arazoak ditu, min dauka, eta atzerapena eskatu zuen. Antolatzaileek onartu dute, eta data berria izango dute jokatzeko. Lehen ere finala aurreko urteetan baino beranduago zuten, eta orain oso berandu jokatuko da, Buruz Burukoarekin bat eginik. Agian, hurrengorako datak hobeto aztertu beharko dituzte horrelakorik ez gertatzeko.