GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Begirada samurra desberdintasunari


Protagonistaren izena darama liburuak: Martin. Baina izenik eman ez zaion narratzaileak kontatzen digu haren berri, bere lagunik onenaren berri.

Gaitasun handiko mutikoa da Martin, besteak beste, eskolako jantokian datozen hamaika egunetan izango den menua buruz ikasten baitu. Baina ez daki ondo hitz egiten eta bere amak baino ez omen dio ulertzen.

Beste askori bezala, marrubiak gustatzen zaizkio Martini ere, baina sudurretik jaten ditu; alkandorak ere gustuko ditu, baina botoi guztiak lotuta; kroketa zale amorratua da, baina beti bederatzi jan behar izaten ditu. Bibotea du eta noizbehinka adurra dario ezpainetatik, baina narratzaileari izugarri gustatzen zaio Martinen bibotea eta ez dio burlarik egiten adurra dariolako; izan ere, berak ba omen daki «txikitan arrainontzi oso bateko ura» edan zuela nahi gabe.

Zenbaiten begietan ezaugarri arraroak direnak, narratzaileak interesgarritzat eta dibertigarritzat jotzen ditu. Izan ere, Martin ez da beste gehienak bezalakoa. Batzuentzat desberdina da, beste batzuentzat berezia. Besteak bezain berdina gauza batzuetan, eta oso desberdina beste zenbaitetan, baina horrek guztiak egiten du berezi liburu honetako narratzailearentzat. Bere lagunik onena dela dio eta miresmenez kontatzen dizkigu Martin berezi egiten duten bere ohitura eta ezaugarriak. Inozentziaz betetako begirada du narratzaileak; baina horren atzean errespetua, onarpena, ulermena eta maitasuna irakur ditzakegu.

Martinengandik, ez ezik, bere lagunarengandik ere ikasteko ugari dugula erakusten digu liburu honek, Martin bezain berezia baita hura ere.

Begirada samur eta goxoa eskaintzen digute Alaine Agirreren kontakizunak eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioek, eta, elkarlan horri esker hitz gutxitan asko esatea lortu dute, erabat osagarria baita bien lana. 32 orrialdeotan, ondoz ondo irakur ditzakegu paragrafo bat eta orrialde osoko ilustrazioa. Agirreren hitz samurrei Gurrutxagaren ilustrazio fin eta udazken-kolore apalekoek ematen diete segida, amezketarraren ilustrazioek izan ohi duten ukitu nostalgiko eta gozoarekin. Desberdin izateari eskainitako begirada samur, maitagarri eta dibertigarria da biek ala biek lortu dutena.

2015. urtean OEPLI (Organización Española del Libro Infantil) erakundeak antolatzen duen Lazarillo Album Ilustratua Saria irabazi zuen lan honek. Epaimahaikideek «testuaren eta ilustrazioaren arteko harmonia, pertsonaien adierazkortasuna, eta, desberdintasunari eta inozentziari egiten dioten omenalditxoan igortzen duten sentsibilitatea» saritu zituzten. Hitz horiek liburuaren esentzia bete-betean deskribatzen dutela baino ezin dezaket esan.