JAN. 09 2017 Eskalada Helburu «zoro» bat abentura eder bihurtuta Christoph Hainz eta Simon Kehrerrek Tre Cime di Lavaredoko hiru bide zazpi ordu eta erdi eskasetan igo zituzten abenduaren 23an. Last update: JAN. 09 2017 - 06:16h Andoni ARABAOLAZA Pasa den abenduaren 23an Christoph Hainz eta Simon Keher Hego Tiroleko eskalatzaileek egindako eskalada jarduerak istorio oso bitxia du atzean. Eta xede «zoro» hori bukatu bezain pronto, ohartu ziren emaitza azpimarratzeko moduko dela. Bi protagonistok Tre Cime di Lavaredoko hiru hiru pareta nagusiak neguan igo nahi zituzten. Egunean igo ere. Eta lortu zuten. Gainera, ordutegiari begiratzen badiogu, lasai asko esan genezake ziztu bizian egin zutela. Trilogia horretan, Cima Grande “Comici-Dimai” bidetik igo zuten (bi ordu eta erdi), Cima Oves “Cassin-Ratti” bidetik (hiru ordu eta hogeita bost minutu), eta Cima Piccola “Spigolo Giallo” bidetik (ordu bat eta hogeita zortzi minutu). Guztira, beraz, hiru marra horiek eskalatzeko zazpi ordu eta hogeita hamar minutu behar izan zituzten. Bide batez, aipatu bi eskalatzaileok Antorno lakutik goizeko zazpietan irten zirela, bizikleta elektrikoan irten ere. Behin lepoan, bizikletak “aparkatu” eta Tre Cime di Lavaredoko pareten oinarrira oinez hurbildu ziren. Jarduera guztia egiteko (joan-etorria) alpinistok hamahiru ordu behar izan zituzten. Gogora dezagun neguan eginiko jarduera dela. Aipatutakoak jarduera «zoro» honen lerroburuak baizik ez dira. Hurrengo lerroetan, berriz, Keherrek abenturaren inguruan luze eta zabal hitz egingo digu. «Abentura ederra» «Nire ohe goxoan etzanda egonagatik ezin naiz lokartu. Behatzak handituta ditut, eta azken orduotan Tre Cime di Lavaredon egindako jardueraren ondorioak nabaritzen ari naiz. Hori bai, bigarren mailako ondorioak dira, ondorio txikiak, eta ez dute pareta horietan bizitako egun zoragarria zapuztu. Zalantzarik gabe, eskalada egun ederra izan da; neguko benetako ipuin bat. Christophek eta biok egin berri dugun jarduera zoroa aspalditik nuen buruan jiraka. Horren berri nire kideari eman eta di-da batean baiezko erantzuna eman zidan; izan ere, Christoph beti prest da izaera honetako abenturak egiteko. Gainera, Tre Cime di Lavaderon neguko eskalada bat egiteko irrikatan zegoen bera ere. Mama Erna kafetegian geratu ginen. Zorte ona opatzeaz gain, ogitarteko batzuk oparitu zizkiguten. Inork ezin zuen gure abentura oztopatu. Altorno lakura iritsi bezain laster, Christoph eta biok bizikleta elektrikoak hartu genituen. Ez genuen denbora galdu nahi, eta Pater Sattel lepora abiatu ginen. Ibilbide guztian hotz ikaragarria egin zigun. Bizikletetatik jaitsi eta barrez hasi ginen, gure gorputzak eta hankak erabat izoztuta baitzeuden. Eskalatzaileok ez gara txirrindulariak, eta pareta bertikal batean bizikleta baten gainean baino askoz erosoago gaude! Azken asteotan ia ez du elurrik egin, baina une batzuetan elur sakonean borrokatu beharra izan genuen. Cima Granderen oinarrira heldu bezain pronto, ohartu ginen Cima Ovestera joateko batere gogorik ez genuela. Azken pareta hori, berez, gure xedearen lehendabiziko erronka zen. Cima Granderako “Comici-Dimai” bidea aukeratu genuen. Sarreran elurra garbitu eta sokara lotu ginen. Christophek oso azkar eskalatzen du, eta bi ordu eta erdi geroago bidea poltsikoan genuen. Elurra gerriraino genuen, elkarri bostekoa eman eta kontu handiarekin jaisten hasi ginen. Christoph “Cassin-Ratti” bidera abiatzen zen bitartean, ni Cima Granderen oinarrian utzitako tresneriaren bila joan nintzen. Nire sokakidearengana leher eginda iritsi nintzen. Jarraian, nire sokakideak Cima Ovesteko “Cassin-Ratti” bidearen lehen bost luzeak egin zituen. Ordurako, indarrak berreskuratuta nituen eta aurretik nituen luzeen ardura nik hartu nuen. Une jakin batean hanka sartu nuen: 10 metroko zeharkaldi bat egin ordez, 30 metrokoa egin nuen. Eta den-dena bustita zegoen. Onartu behar dut 15 urte igarota zeudela bertan azken aldiz eskalatu nuenetik. Akats horren ondorioz hainbat minutu galdu genituen. Krokisa gaizki irakurtzeagatik ez nuen aukeratu bide egokiena. Christophek, ordea, bai. Bidearen goialdean eskalada gogortu egin zen. Arroka leuna zen eta irrist egiten genuen. Gure erritmoa asko mantsotu zen. Azkenean, hiru ordu eta hogeita bost minutuko eskaladaren ostean, “Cassin-Ratti” patrikan genuen. Une horretan, egunsentiak harrapatu gintuen; ederra baino ederragoa izan zen! Jaisten ari ginela ohartu ginen gure oinak bustita eta izoztuta zeudela. Egoera ez zen atsegina, baina ordulariari begiratu eta gure xedea egiteko aukera handiak genituela konturatu ginen. Botak kendu, katu-oinak jantzi eta trilogiaren azken helburua eskalatzen hasi ginen: Cima Piccolaren “Spigolo Giallo” bidea. Erabat heze eta izoztuta genituen oinek esaten ziguten hobe genuela etxerako bidea hartzea, baina Christoph eta biok oso motibatuta geunden eta deserosotasunari muzin egin genion. Bi luze eskalatu eta gero, gauak harrapatu gintuen. Kopetako-argiak piztu eta eskalatzen jarraitu genuen. Ordubete eta hogeita zortzi minutu behar izan genituen Cima Piccolaren marra klasiko hori igotzeko. Zerua erabat izartuta zegoen. Pozarren geunden geure helburua bete genuelako. Jaisteko erabili genituen botak oso heze zeuden, baina ordurako ez genuen inolako trabarik haiek jantzi eta jaitsierari ekiteko. Oso kontzentratuta eta erritmo lasaian jaitsi ginen. Ordubeteren ondoren ukitu genuen lurra. Berriro bizikleta elektrikoak hartu eta Antorno lakura abiatu ginen. Hamahiru orduko joan-etorria izan zen. Buruan genuen bakarra Christophen etxera iristea zen, bere emazte Gerda galtzerdi beroekin, Prosecco botila batekin eta pasta eta peperoncino platerkada banarekin zain baikenuen! Argi dago azkartasun eta potentziarekin ez dela batere zaila familia eta eskalada uztartzea! Eta, gainera, emaitza bikainarekin! Eguberriak disfrutatzeko indarra eman digu bizitako esperientziak!». TRILOGIA Pasa den abenduaren 23an, Christoph Hainz eta Simon Kehrer eskalatzaileek Tre Cime di Lavaredoko hiru bide egunean igo zituzten. KLASIKOAK Hego Tiroleko protagonistok honako bideak eskalatu zituzten: Cima Grandeko «Comici-Dimai», Cima Ovesteko «Cassin-Ratti» eta Cima Piccolako «Spigolo Giallo». OSO AZKAR Jarduera Antorno lakuan hasi zuten. Hiru bideok igotzeko zazpi ordu eta hogeita hamar minutu behar izan zituzten. Hamahiru ordukoa izan zen joan-etorri osoa.