GARA Euskal Herriko egunkaria
EIBAR

«Ez dugu espero jokalari gehiagorik joatea»

Arrisku handiena Ingalaterratik etor daitekeelaonartzen du Fran Garagarzak baina, dagoenekogertatu den bezala, Eibarko jokalariak fitxatzekointeresa duten taldeek izango duten aukerabakarra klausula osoa ordaintzea izango da.


«Urte osoan gaude lanean», azpimarratu du, baina joan den urtarrilaren 1ean neguko merkatua martxan jarri zenetik etxean ordu gutxiago ematen dituela onartu du Fran Garagarzak. Izan ere, eguneko enegarren bilera amaitu eta Sadarren Osasunaren eta Valentziaren arteko norgehiagoka ikustera joateko autoa hartu arteko tarte horretan hitz egin du GARArekin Eibarko kirol zuzendariak.

Larregi busti barik, ohi den bezala, «gaur esaten dizudanak igual bihar ez duelako balio, futbolean gauzak asko aldatzen baitira egun batetik bestera», baina datu garrantzitsuren bat zabaldu du Garagarzak. Adibidez, Eibarko jokalarienganako interesaren gaineko zurrumurruak ez direla beti izaten haien agenteen azpijokoaren emaitza edo kazetari aspertu baten burutazioa: «Deiak eduki ditugu. Adibidez, Ingalaterrako talde batek eskatu digu batzar bat egitea negoziatzeko. Gure erantzuna argia izan da, negoziaziorik ez dagoela, gure jokalari bat eramateko bide bakarra klausula osoa ordaintzea delako». Mutrikuarrak ez du argitu zein den interes hori piztu duen armagina. Hango komunikabideek Watford eta WestHamen kokatu dituzten Enrich eta Dani Garcia, adibidez? Kirol zuzendaria hermetiko agertzen da. «Beitu, Lehen Mailan jokatzea sekulako eskaparatea da. Eta oso errendimendu ona eskaintzen ari den jokalari dexente daukagu. Gero eta jende gehiagok jarraitzen ditu gure jokalariak, eta bata ez denean beste bati tokatzen zaio protagonista izatea. Arrisku hori beti daukagu».

Orain ere bai, merkatua zabalik egonda, baina Garagarzak nahiko lasai dagoela adierazi du: «Ez dugu espero jokalari gehiagorik joatea. Jota zen aukera hori zeukan bakarra eta alde egin du, baina gainerako kasuetan, klausula osoa pagatzea da aukera bakarra eta, esku artean dugun informazioaren arabera, gure jokalariengan interesa egon daiteke, baina euren klausula pagatzeko asmorik ez. Alde horretatik, talde ingelesak dira beldurgarrienak, diru asko mugitzen dutelako, baina ez dugu uste ezer gertatuko denik». Zera gaineratu du, ordea: «Une honetan. Auskalo bihar ez ote den jokalari bat larri lesionatuko eta bere taldeak esku artean duen zerrendaren lehen postuan ez ote den gure jokalari bat egongo, eta demagun dirua mahai gainean ipintzen duela». Kasu horretan ezer gutxi edukiko luke egiteko Eibarrek, bere «B plana» badu ere. «Talde horrek klausula ordaintzeaz gain, jokalariak alde egin nahi izan behar du. Eta behin kasu horretara helduta, jokalaria konbentzitzen saiatu beharko ginateke».

Ez du ezertarako balio izan Jota Peleteirorekin. «Brentfordek gutun ofizial bat bidali zigun, kontratuaren klausula gauzatu eta futbolaria berreskuratu nahi zuela esanez –azaldu du Garagarzak–. Mutilarekin hitz egin nuen eta taldeak joan behar zela esan ziola eta bera ados zegoela esan zidan. Ez zeukan bueltarik». Ez zen agintari gorri-urdinen asmoa, galiziarrak Eibarren jarraitzea nahi zuten, Garagarzaren esanetan, haren bigarren etapa aurrekoa bezain ona ez dela izan onartu arren. «Hori argi dago. Lehen etaparen nota bikaina izan zen eta oraingoa ez. Pena bat da, sekulako esfortzua egin genuelako orain dela urtebete hona ekartzeko, eta sekulako ilusioa geneukan, jokalariak eta biok. Kontuan hartu behar da ere, Lehen Mailan debuta zela berarentzat ere, exijentzia, erritmoa... dena desberdina dela. Eta aurten jokalari batzuek aurrea hartu diotela ere bai, oso errendimendu ona eskaintzen ari direlako. Bueno, ez da joan nahi genuen moduan, eta hala ere hemen jarraitzea nahi genuen; baina amaitu da».

Ilusioa eta aukerak

Ez da Jota aukera gutxi izan duen jokalari bakarra. Antzeko egoeran dagoen Christian Riverak, izan ere, beste talderen batean minutuak bilatzeko Gabonetan irtetea eskatu zion Garagarzari. Ate bat zabalik utzi arren, kirol zuzendariak aukera hori ez zuen larregi gustuko, «mutil gazteak gertutik jarraitzea nahiago dugulako eta, orain ikusten ari denez, lekua daukalako taldean». Zorionez, erdilariak ere egoera berria baloratu duela ematen du, Garagarzaren esanetan: «Ez dugu gehiago horretaz hitz egin. Beste hainbeste jokalariri gertatzen ari zaien bezala, bere esperientzia goitik behera aldatzen ari da Koparekin. Minutuak ditu, garrantzitsua sentitzen da, erritmoa hartzen du Ligan aukera izanez gero ondo egoteko...».

Argi dago armaginek onurak besterik ez dituztela topatzen Kopan markatzen ari diren ibilbidean. Jokalariak pozik daude, Mendilibar ere bai, baita Garagarza bera ere. «Noski baietz. Alde batetik ilusioagatik, izan ere, historian lehen aldiz final-laurdenetarako sailkatzeko aukera daukagu. Eta bestetik, taldearentzat oso esperientzia ona izaten ari delako: jokalari guztiak bizi-bizirik daude, erritmoarekin, gustura... Oso pozik daude».

Halere, egun batetik bestera aldatu daitekeen sentsazioa ere bada. Jotaren irteerarekin, 22 jokalari ditu Mendilibarrek eta bik erizaindegian eman beharko dute hainbat aste. Bi lesionatu gehiago, eta hainbeste ilusio sortzen duen txapelketa gogaikarri bihur liteke. «Ez dut uste. Zazpi lesionatuta edukiz gero, bigarren taldeko jokalari mordoarekin ibili beharra, futbolariak molestiekin jokatzen, Liga amaitzeko hilabete baten faltan eta egoera kaxkarragoan... Orduan bai. Baina oraingoz ez da halakorik. Gaur egun, ilusioa da Kopak eskaintzen digun bakarra».

Eibarrek, izan ere, ez dauka fitxaketarik egiteko asmoa. «Gaurkoz», azpimarratzen du, berriro ere, kirol zuzendariak. «Gure intereseko jokalari bat ekar badezakegu, zergatik ez? Epe luzeko lesionatu bat badaukagu, gure jokalari bat fitxatzen badute... 31ra arte bide guztiak zabalik daude baina une honetan ez daukagu, ez beharrik, ez asmorik».