Jon LEUNDA
Interview
MIKEL GONZALEZ
PILOTARIA

«Superprestigioan erakutsi dut hamabi pilotari onenen artean egon naitekeela»

Mikel Gonzalez trinketeko esku pilotarako dago une honetan, eta bere maila erakutsi du amaitzear dagoen Superprestigioan. Berak, ordea, pauso bat eman nahi du aurrera, eta trinketeko esku pilota profesionaleko lehiaketetan lehiatu nahi du, baina hori ez dago bere esku.

Mikel Gonzalez bizkaitarrak lan bikaina egin du Superprestigioan. Finalerdietara iritsi zen, eta han, egungo txapeldunarekin, Peio Larralderekin, galdu zuen, baina bera ere ikaragarri estutu zuen. Orain jokatzen ari diren Buruz Burukoan ez da parte hartzen ari, eta sekulako pena dauka. Gero etorriko den Binakakoan jokatu nahiko luke, baina ez dago bere esku. Jokatzekotan, bizkaitarrak onenekin jokatu nahi du. 

 

Gustura Superprestigioan egindakoarekin?

Oso. Denbora neraman jokatu gabe, eta ez nekien nola erantzungo nuen, baina oso gustura aritu naiz. Finalerdietaraino iritsi nintzen, eta han Larralde ere estutu egin nuen. Agian pena izan daiteke finalerdietan galtzea, finalean sartzeko ere aukerak izan nituelako, eta ez nituelako baliatu, baina hor dago gakoa, aurrean nuen pilotaria ere ikaragarria zen. Halere, une batzuetan bera ere larri ikusten nuen, eta zerbait ongi egingo nuen seinale da hori. Behin kanporatuta, neure buruarekin oso gustura geratu nintzen, ustez lan ona egin nuelako, eta erakutsi dut hamabi onenen artean egon naitekeela. Jendeak nirekin izan duen jarrerarekin ere oso gustura geratu naiz. Ikustea trinketa erabat beteta, eta zaleak nolako babesa ematen zidaten, asko bete ninduen.

 

Zein izan zen zure unerik larriena, izan baldin bazenuen?

Lehen partida. Irabazi egin nuen, baina oso gaizki aritu nintzen. Donibane Garaziko trinketak ez dauka zerikusirik Abadiñokoarekin, eta ez nintzen batere gustura jardun. Halere, neurketa aurrera atera nuen, eta horrek asko balio izan zuen, konfiantza eman zidalako, eta hortik aurrera gauzak askoz ere hobeto joan ziren, eta amaitu oso gustura egin dut.

 

Pena emango dizu orain Buruz Burukoan ez egotea, ezta?

Ikaragarrizkoa. Oso une onean nengoen, eta erakutsi dut Superprestigioan, baina jokatu edo ez ez zegoen nire esku. Halere, nahiko garbi neukan ez nuela jokatuko. Ni ez naiz inoren atzetik joaten naizena, eta denek badakite non nagoen, eta nolakoa den nire jokoa. Eta badakit urtean Larralderen, Ducassouren edo Bilbaoren aurka partida asko jokatuko banitu, nire maila hobetzen joango dela. Hemen trinketeko esku pilota profesionalean sekulako pilotariak daude, ikaragarrizko maila dago.

 

Eta Binakakoa jokatzeko aukerarik izango ote duzu?

Ez dakit, baina gustatuko litzaidake; baina lehen esan bezala, jokatzekotan onenekin jokatu behar dut. Hemen esaten didate hori jokatu beharrik ez daukadala, udako torneoetan aukera izango dudala, baina hemen garbi dagoena da txapelketek ematen dutela izena. Niri ez dit balio orain hilabete mordo batean maila handiko partidarik jokatu gabe egon eta bat-batean torneo handi bat jokatzera joan. Nik hori ez dut nahi, badakidalako orduan ez dudala mailarik emango.

 

Non dago konponbidea?

Ez dakit, baina pentsatzen dut ezkerparetan bezalaxe, hemen ere onenek egon beharko luketela. Jendeak onenak ikusi nahi ditu jokatzen elkarren aurka, nongoa den begiratu gabe, eta hor bide bat egin behar da.