Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Bauman

Gure aita zenari oparitu nion azken liburua Zigmunt Baumanen “Modernidad líquida” izan zen, irakurri ostean komentatzeko aukerarik sekula izan ez bagenuen ere. Espainolezko edizioa oparitu izanaz kexatu ostean (gure aitak ingelesez irakurtzen zuen batez ere, bere laneko hizkuntzan, eta gorroto zuen ingelesetik espainolera itzulitako liburu bat oparitzea), «nor da hau?» galdetu zidan.

«Poloniar judu interesgarri bat, zuri buruz idazten du», erantzun nion nik. «Uste du etorkizunean denak biziko garela zure moduan, itsasgizonen bizitza izango dugula lehorrekook» («terrícolas» deitzen zigun aitak, gure planetak, proportzionaltasunaren justiziaz, «ur» edo «itsaso» izena behar lukeela aldarrikatu ostean).

Izan ere, Baumanek bere lanetan deskribatzen duen gizarte eta lan munduak antzekotasun handiak dituzte itsasgizonen bizimoduarekin, antzinarotik beraien lantegi ibiltarian bizi eta mundu osoan zehar dabiltzan soldatapeko nomaden filosofiarekin. Kurioski, Baumanen likidoaren kontzeptu abstraktu eta soziala materializatu egiten da itsasgizonen kasuan, izaera azaltzaile zentralik galdu barik.

Baumanek etorkizuneko, edo gaur egungo ekonomiak antsiatzen duen langile mota deskribatzen du bere lanetan (beste gauza askoren artean), eta nahita edo nahi gabe, itsasgizonaren definizioa egiten du, ene ustez. Salbuespen batekin, zero zama kontzeptua azaltzen duenean (norbanakoak bere mugikortasun eta inplikazio gaitasunak optimizatzeko eduki behar lituzkeen lotura afektibo, sozial eta kultural malguak) itsasgizonak urrats bat harago daude. Gizarte tradizionaleko loturen sakontasun formalari eusten diote horrek bizitza etxetik kanpo eta lantegian sartuta igarotzeko traba errealik eragin gabe.

Joan berri zaigun Baumanengandik gehien gustatzen zaidana bere askatasunaren kontzeptua da. «Zein askatasun mota da konkistatu dugun hau, irudimena nahigabetzen baldin badu?» Edozein egitura politiko, sozial edo/eta kulturalen askatasun maila euren eraldaketa etengabea sustatzeko jendearengan eragiten duten motibazio eta erraztasunean datza. Talaia horretatik ezin hobeto ikusten dira gure kaiolak.