GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkurdia-Merinok gora begira amaitu dute lehen itzulia

Bigarren kokatu dira, azken bost jardunaldietan lau puntu bildu ostean.


EZKURDIA-MERINO II 22

JAKA-ZABALETA 15


Binakako Txapelketa oso gaizki hasi arren, Joseba Ezkurdiak eta David Merinok sailkapenaren bigarren postuan amaituko dute ligaxkako lehen itzulia. Aurrelari nafarrak eta atzelari errioxarrak jokatutako aurreneko bi partidak galdu egin zituzten, baina azken bost neurketetatik lau irabaztea lortu dute. Atzo, Logroñoko Adarraga pilotalekuan, Jakak eta Zabaletak baino akats gutxiago egin zituzten, eta segurtasun horrek 22-15 gailentzeko balio izan zien.

Norgehiagokaren lehen zatia oso berdindua suertatu zen. Espero bezala, Jose Javier Zabaleta atzeko koadroetan nagusi izan zen eta Erik Jakak, Danel Elezkano lesionatuaren ordezkoak, nahiko ongi baliatu zituen bere aukerak hasiera horretan. Lau berdinketaren ostean (1-1, 4-4, 5-5 eta 9-9), partida 12-11kora heldu zen irabazlea nor izan zitekeen tankerarik hartu gabe.

Tarte horretan, aipagarria izan zen Lizartzako aurrelariaren lana. Oso lotsagabe jokatuz behin eta berriro sartu zen errematera, eta tanto eder askoak ere lortu zituen: neurketako aurrenekoa, gantxo bikain batekin; 1-3koa, sake bueltan; edota 7-9koa, pilota txokoan ederki utzita. Hala ere, egindakoak adina ziren galtzen zituenak, eta apurka-apurka konfiantza galtzen joan zen gipuzkoarra.

Zabaletaren agintea, ordea, apurka-apurka itzaltzen joan zen partidak aurrera egin ahala, eta David Merinok aldiz zertxobait gora egin zuen, nahiz eta honek ere pilota argi askoak galdu. Gainera, Jakak zorte askorik ez zuen izan eta erremate dezente bidali zituen zuzenean txapara, lauzpabost behintzat bai. Gorriek errenta polita hartzea lortu zuten eta 12-11tik 15-11ra joan ziren tarte horretan.

Joseba Ezkurdiak berak ere huts batzuk egin zituen Merinori lagundu nahi horretan, urdinei 16-15era hurbiltzeko aukera emanez, baina hortxe amaitu zen emozioa, gorriak zuzen-zuzenean 22ra joan zirelako azken sei tantoak erreskadan eginez.

«Pozik gaude, batez ere puntua lortu dugulako eta horrek borrokan bete-betean sartzen gaituelako», zioen pozarren David Merinok partida amaitu berritan. «Ez dugu hasiera oso ona egin, Zabaleta indartsu ibili da eta guri sufritzea tokatu zaigu. Baina gero hobeto jokatu dugu, aurkariek baino akats gutxiago eginez», gehitu zuen.

Jaialdiko lehen partidan, Promozio mailako Binakako Txapelketari zegokionean, Jaunarenak atzelari postura ongi moldatu dela erakutsi zuen, eta Dariorekin 22-12 menderatu zituen Ugalde eta Martinez.

Gaur, Tolosan

Binakako Txapelketaren lehen itzulia gaur amaituko da Tolosako Beotibar pilotalekuan, Urrutikoetxea-Imaz eta Victor-Albisu bikoteen arteko demarekin. Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek garaipen bakarra lortu dute sei partidatan, eta esan liteke gaur irabazi beharra daukatela aukerekin jarraitu nahi badute. Victor Esteban eta Jon Ander Albisu, aldiz, hiru punturekin daude, baina azken bi neurketak galtzetik datoz. Jaialdia 16.30ean hasiko da eta hirugarren partida Promozio Txapelketakoa izango da.