GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Elkar jotzeko joairan


Arrakasta ukaezina lortu du esamoldeak. “The Guardian” izango zen erabiltzen lehena (Rex Tillerson, Trumpen Defentsa idazkarigaiak, Senatuaren aurrean egindako adierazpenei buruzko lerroburuan); baina ondorengo egunetan ingelesezko hedabide nagusiek beretu dute ideia eta esaera. Administrazio estatubatuar berriak agintea hartzen duen unetik, AEBak eta Txina elkar jotzeko joairan ibiliko dira. Zergatia, agerikoa, Txinak bere Hegoaldeko Itsasoan «eraiki» dituen irla gotortuen zioa. Sakonekoa, agian, oso bestelakoa: Trumpek zalantzarik gabekoa (Estatu Batuen nagusitasun militarra) erabili nahiko luke askoz zalantzagarriagoa duen ahalmen ekonomikoan aukerak izateko. Eta bere inguruko kiratsa uxatzen lagun diezaion, seguruenera.

Nabigazio alorreko analogia horrek pentsaraz lezake, azkenean, munduko itsasoetan egunero hamaika aldiz gertatu ohi den moduan, alde biak, edo bietakoren bat bederen, garaiz jabetuko d(ir)ela arriskuaz, eta talka ekidingo du(t)ela norabidea aldatuz. Eta hor dago koska (eta analogiaren akatsa), ziurrenik: elkar jotzeko joaira hori ez da oharkabekoa; eta bietako inork ere ez du bere bidea uzteko asmorik ez erraztasunik.

Izan ere, Trumpek bere agintaldia sendotzeko (edota impeachmenta saihesteko), duen aukera bakarretakoa da gatazka handi batean murgilduz estatubatuarren herri sena kitzikatzea. Baina Xi Jinping ere antzeko egoeran aurkitzen da une honetan: ezin du atzera egin suhartuta dagoen iritzi publiko txinatarraren aurrean… eta Alderdiaren kongresua gainean duenean.

Ez da harritzekoa, beraz, Pekineko agintarien iritzia nahiko zuzen islatzen duen “Global Times” egunkariaren iradokizuna: Trump administrazioaren benetako asmoak horiek badira... hobe izango da gerran pentsatzen hastea. Elkar jotzeko joaira horren burutzapen logikoena gatazka militarra baita. Mugatua... hasiera batean; gero, batek daki.

Eta munduko bi potentzia nagusien arteko talka ez da show bat izango.