Asier AIESTARAN
PILOTA

Berriz hutsetik hastea bezala... gehienentzat

Irribarria eta Rezusta liderrak kenduta, beste bikote guztiek urrun ikusten dituzte oraindik finalerdiak.

Binakako Txapelketaren zortzigarren jardunaldia asteazkenean Mungian hasi zen arren, atzo egun bete-betea izan zuten Aspe eta Asegarceko ordezkariek, bi pilota aukeraketa egin baitzituzten, bat Iruñean eta bestea Oiartzunen. Lau bikote materiala hautatzeko prest eta ligaxkako bigarren itzuliari ekiteko irrikaz. Izan ere, gehienentzat hutsetik berriz hastea bezalaxe izango da ia-ia, baina ez guztientzat.

Alde horretatik, etorkizuna baikortasun handienarekin begiratzen dion bikotea Irribarriak eta Rezustak osatzen dutena da. Lehen itzulian partida bakarra galduta, aurreneko postuan daude eta beste pare bat garaipenekin finalerdiak ziurtatuta izango dituzte. «Egia esan oso balorazio baikorra egiten dugu txapelketako lehen itzuliaz. Aurkeztu zenean sinatuko genukeen orain arte lortutakoa. Orain, garaipen bakarrarekin lor dezakegu finalerdietarako sailkapena, baina bi lortzen baditugu %100ean ziurtatuko genuke», azaldu zuen Beñat Rezustak Asperen web orrian.

Bergararrak auto istripu bat izan zuen aurreko ostiralean Hendaiara bidean, baina ez omen du inolako arazo fisikorik: «Momentuko sustoan bakarrik gelditu da, eskerrak. Minik gabe nago. Aste honetan bi entrenamendu egin ditut eta normaltasun osoz ibili naiz». Dena beharko du bihar Labriten puntu premian dauden Olaizola eta Untoriari aurre egiteko. «Partida gogorra dugu. Olaizola II.aren aurka jokatzea beti polita izaten da eta ilusio berezia egiten dit. Hala ere, Aimar bere lekutik kanpo izaten saiatu beharko naiz, bera jokoan deseroso egoteko», aztertu zuen.

Egun berezia Oiartzunen

Eta garaipen premian dauden beste bi bikote, Urrutikoetxea-Imaz eta Ezkurdia-Merino II.a arratsaldean bildu ziren Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Igandea egun berezia izango da Ander Imazentzat, goi mailako txapelketa batean eta bere herrian jokatzeko aukera izango duelako, baina horrelakoetan gertatzen den moduan, lehiaketaren garrantziak emozio eta sentimenduak alde batera utzi beharra areagotzen du.

Gainera, aurrean izango duten bikotea behetik gora dator nabarmen: Joseba Ezkurdiak eta David Merinok jokatutako azken bost partidetatik lau irabazi egin dituzte. «Lehen itzuliaren balorazioa oso positiboa da. Lau garaipen lortu ditugu eta galdutako hiru neurketatik bitan tanto asko egin. Horrek esan nahi du bikote lehiakorra garela», adierazi zuen Arbizuko aurrelariak lehen itzuliaz.

Igandera begira, Oiartzunen inoiz ez duela jokatu onartu zuen, eta partida ez dela samurra izango. «Arrasaten jokatu genuenean Imaz juxtu ibili zen eta Urrutikoetxeak ez zuen bere eguna izan. Igandekoa desberdina izango da, orain arteko bidea zuzendu nahiko baitute».

Laugarren puntuaren bila, gaur Galdakaon

Jardunaldiko bigarren partida gaur arratsean jokatuko da Galdakaoko Kurtzea pilotalekuan. Bengoetxea VI.a-Larunbe eta Victor-Albisu bikoteek, biak hiruna garaipenekin berdinduta, laugarren puntua eskuratu eta sailkapeneko zulotik ihes egiteko aukera izango dute. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe joera nahiko onean iristen direla esan daiteke, azken hiru neurketetan bi garaipen lortu dituztelako, azkena aurreko astean Irribarria eta Rezusta liderren aurka, hain zuzen ere. «Nahiko pozik nago, txapelketak aurrera egin ahala nire akatsak zuzentzen noalako, eta Oinatz bikote aparta da horretarako», aipatu du asteon Larunbek, gaur etxean jokatuko duen atzelariak. «Ilusioa egiten dit hemen jokatzeak, kontuan izan behar da hemen egin naizela ni pilotari eta jendearen babesa nabari dudala hasiera-hasieratik».

Victor eta Albisu, aldiz, une txarra igarotzen ari dira, jokatutako azken hiru neurketak galdu egin baitituzte. «Garaipena behar dugu, urtea hasi zenetik ez dugu irabazi eta horrek buruari lan eginarazten dio».A.A.